Sastarrain Baserri Eskola. (Hitza)
Beste urte batez,
Ahots Baten sormen egonaldia egingo dute Zestoako Sastarrain baserri eskolan. Hain zuzen ere, abenduaren 26tik 30era egingo dute egonaldia, eta antzerkia, bertsoa, kantugintza eta literatura landuko dituzte parte hartzaileek. 15 urtetik 20 urtera bitarteko 40 gaztek osatuko dute taldea, eta harreman sarea osatzeaz gain, adierazpen ezberdinekin esperimentatzeko aukera izango dute. Parte hartzaileez gain, begirale talde “bizi-biziak” osatuko du taldea, eta egunero adierazpide bat landuko dute. Gainera, egun bakoitzean sortzaile ezagun baten bisita jasoko dute. Esate baterako, Anari kantariak, Joxe Mari Agirretxe 'Porrotx' antzezleak, Miren Amuriza bertsolariak eta Julio Soto bertsolariak izango dira egonaldian.
Izen ematea
Sormen egonaldia sorkuntzan dabiltzan 15 urtetik 20 urtera arteko gazte guztiei zabalduta dago. Izen emateko azken eguna urriaren 30a izango da, eta
www.mintzola.eus webgunean edota 943 69 38 70 telefono zenbakira deituta egin daiteke. 40 gaztek parte har dezakete, gehienez, eta, jakinarazi dutenez, taldea izen emate ordenaren eta alorren arteko orekaren arabera egingo dute. Eskolak 100 euroko kostua izango du.