2017ko ekainaren 11an Arroabean egingo den Gipuzkoako Eskola Txikien Festako logoa izango dena aukeratzen hasi ziren joan den udaberrian antolatzaileak. Eta dagoeneko badu irudia festak.
Zestoako herria murgilduta dagoen Herri Hezitzailearen proiektuaren barruan egin dute aukeraketa prozesu guztia. "Hasieratik garbi izan dugu horrelako prozesu batean ezinbestekoa dela gure haurren eta auzotar guztien parte hartzea bermatzea. Azken finean, gure haurrak beste auzotar batzuk gehiago direlako. Zer esanik ez, beraiek protagonista nagusi diren egun baten inguruko kontuetan", adierazi dute.
Marrazkiak aurkezteko aukera izan zen, eta, guztira, 43 logo proposamen bildu zituzten. Horiek eskolako beiratean itsatsita egon ziren bertaratzen zen edonork ikusteko moduan. Aukeraketarako epaimahaia auzoko gazte, adineko, eskolako ikasle, irakasle eta gurasoen ordezkarien artean osatu zen. Lehenengo bi bozkatuenei egokitzapenak egin ondoren, joan den irailaren 30eko herri batzarrean logo ofiziala izendatu zuten Gipuzkoako Eskola Txikien Koordinakundearen oniritziarekin.
Haurrak protagonista
Aukeratutako irudia eskolako guraso batek egina da. "Gure umeak ardatz izanda, Eskola Txikiak Bizirik da gure oinarria. Eskola Txikiak herri eta auzoetako zutoi nagusi garela adierazi nahi dugu" dio logoaren egileak. "Kolore anitzeko logoa da, gu bezalaxe, gure haurrak protagonista nagusiak direla. Hainbat jatorri, kultura eta generotako haurrak ageri dira elkarri bizkarretik helduta, zoriontsu jolasean, modu parekide, integratzaile eta kooperatibo batean. Gure herriaren nortasuna eta kultura oinarri direla, naturarekin harreman zuzenean daude. Kulunkatuz ageri dira, urteak joan eta urteak etorri, hara eta hona, mugimendu etengabean daudelako, bizirik, eta, era berean, euskarri sendo batekin".
Bestalde, hasiak dira dagoeneko hainbat batzorde buru-belarri lanean. Besteak beste, aukeraturiko logoa oinarri hartuta, kamiseten salmentak prestatzeko lanetan ari dira. Azarorako kolore askotako kamiseta eta sudaderak salmentan jartzea da asmoa. Salmentak, Gipuzkoako beste 25 Eskola Txikietara bideratzeaz gain, Arroan bertan eta bailarako herri eta auzoetako egun seinalatuetan egingo dira.