Hondakinak biltzeko sistema mantentzea eskatzeko, mosaikoa egingo dute larunbatean Zestoan

Zestoako Hitza 2016ko urriaren 19a

Zestoako hainbat herritarrek sinadura bilketa hasi zuten joan den ekainean herrian duten hondakinak biltzeko sistema mantentzea eskatzeko. 720 sinadura bildu dituzte, eta larunbatean, urriak 22, mosaikoa egingo dute Laranjadi plazan, gauza bera eskatzeko. 13:00etan egingo dute, eta herritar guztiak gonbidatu dituzte bertan parte hartzera.

Eskatzen dutena, hamar puntutan azaldu dute. Honakoak dira oinarri horiek:

1. Herriko beste gaiekin alderatuta, hondakinen bilketa sistemaren aldaketa herri eragile eta herritarrekin kontatu gabe egitea erabaki du Zestoako Udalak. Ez gaude inolaz ere ados erabakitzeko moduarekin, herritarrok zeresan handia baitugu gai honen inguruan eta garrantzitsua baita gure iritzia kontutan hartzea.

2. Hau ez da Udaleko alderdien kontua bakarrik, herritarrok zuzenean ukitzen gaituen kontua da, eta are gehiago, orain artean gai honen inguruan herrian izan den dinamika parte-hartzailea kontutan hartzen badugu: egun indarrean dugun sistema mahai baten bueltan landua izan da, eta ordezkari politikoez eta teknikoez gain norbanako eta eragile ezberdinek bertan beren ekarpenak egin eta guztion artean adostua.

3. Herri helduen gisara jokatu dugu, alderdi politikoen desberdintasunak alde batera utzi eta akordioz egindako sistemak harro sentiarazten gaitu; eta hori balioan jartzeaz gain, berriro ere hala izan dadin lan egitea dagokigu bai herritarroi eta baita Udalari ere.

4. ‘Zestoa Herri Hezitzailea’ bezalako proiektuak garatzen ari garen honetan, haurrak ahaldundu eta erabakietan arduratsu parte har dezaten hezi nahi dituen herriak ezin diezaioke bizkarra eman hondakinen gaian herritarrari. Edo bagara edo ez gara.

5. Orain arte emaitza onak eman dituen sistema dugu eta berau mantentzearen alde 720 herritarren sinadura bildu ditugu. Mankomunitatean kexa gutxien dituen sistema da gurea, adostua eta garbia. Dagoeneko ohituta gaude, eta hobetzeko aukera handiak eskaintzen ditu, gainera.

6. Adostutako bilketa-sistema ezarri eta bi urtera akordioa sinatu zuen alderdi batek bere kabuz sistema aldatzea ez da ez bidezkoa eta ezta legitimoa ere. Gainera, erabaki honek ekonomikoki hurrengo hamarkadetarako hipotekatuko gaitu, aldaketa egiteak gastu handia suposatzen baitu. Zestoak beste zerbait merezi du, eta akordio zabalagoa behar da orain egin nahi dena egin ahal izateko. Lehendik datorren adostasuna apurtzeko arriskuaren aurrean akordioaren aldeko apustua egiten dugu guk, eman ditzagun pausuak bide horretan.

7. Ezinbestekoa iruditzen zaigu gune zabal batean ordezkari politikoez gain herriko talde eta eragileak zein norbanakoak lehen bai lehen bildu eta gaia bertan lantzea.

8. Gure jarrera positiboa eta eraikitzailea izango da gune horretan, eta akordioetara heltzeko asmoz ekarpena egiteko prestasuna agertu nahi dugu aldi berean.

9. Gure jarrera egungo sistema mantentzearen aldekoa izanik ere, aldaketarik bada adostua izan behar duela diogu. Horretarako, emaitza eta bermeen inguruan hausnarketa zuhurra egin eta konpromiso zehatzak hartu behar dira; bestela ez baitu ezertarako balioko ez erabakiak eta ezta orain arte egindako bide luze eta oparoak ere.

10. Lehen mailako gaia da guretzat esku artean duguna, garrantzi handikoa. Orain artean aurreratu duguna ezin utz dezakegu galtzen; ez gaude atzera egiteko prest. Ingurumenarekin arduratuta gaudelako eta etorkizun hobe bat nahi dugulako ahalik eta sistema eraginkorrena adostu behar dugu guregatik eta datozen belaunaldiengatik. Bide honetan bidelagun izango gaituzue.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide