Energia Berriztagarrien azoka egingo dute Zestoan, larunbatean

Urola Kostako Hitza 2016ko urriaren 18a

Urola Erdiko Energia Mahaiak antolatu ditu Energia jardunaldiak, eta, horren baitan, 10:00etatik 14:00etara izango da azoka, Foru Plazan. Azokaz gain, bizikleta elektrikoak probatzeko eta zalantza desberdinak argitzeko aukera izango dute herritarrek.

Datorren larunbatean, urriak 22, II. Energia jardunaldiak egingo dituzte Zestoan, Urola Erdiko Energia Mahaiak antolatuta. Horren baitan, Energia Berriztagarrien azoka izango da Foru Plazan, Usurbilgo Lanbide Eskolaren eskutik. Azoka 10:00etatik 14:00etara izango da, eta eguzki indar termiko eta fotovoltaikoa, argizteria eraginkorra, pellet eta biomasa galdarak, instalakuntza termikoak eta auto elektrikoak ezagutzeko aukera izango da. Gainera, eskolako irakasleek azalpenak emango dituzte instalazio bakoitzaren inguruan. Horrez gain, umeentzako txoko berezia antolatuko du Barbantxo Aisialdi Taldeak. Azokaz aparte, bizikleta elektrikoak probatzeko aukera ere izango dute herritarrek. Goiener, Energia berriztagarrien sorkuntza eta erosle kooperatiba ere bertan egongo da informazioa nahi duenarentzat, eta Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren (EHAEO) Gipuzkoako Delegazioko Jasangarritasun Batzordeak ere parte hartuko du eraikinen birgaitze eta eraginkortasun energetikoaren inguruko herritarren kontsultak eta zalantzak argitzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide