Bidegorriaren eskaera koordinatzeko batzordea eratu dute Arroabean

Urola Kostako Hitza 2016ko urriaren 18a

Iraeta eta Narrondo arteko bidegorria egitea aldarrikatzeko eta eskaera gizarteratzeko, auzo batzordea eratu dute Arroabean. Auzo elkartearen "babes osoa" izan zuten batzorde hori osatzerakoan, auzotarrek azaldu dutenez. Ostiralean egin zuten lehen bilkura, eta 60 bat lagun bertaratu ziren. Batzordeko kideek esan dutenez, bidegorriak "nabarmen" hobetuko du arroarren bizi kalitatea: "Gertutasunagatik eta epe motzera bideragarriagoa delako, Arroabetik Narrondorako zatiak du lehentasuna. Izan ere, zati hori bukatzeko kilometro bat baino ez da falta. Oso argi daukagu gure helburua falta den bide zati osoa amaitzea dela". Arroabeko bizilagunen aburuz, eskualde osoarentzat da "onuragarria" Legazpitik Zumaiarainoko bidegorria. Horrez gain, bileran bildutakoek eskatu dute Bombas Azkue enpresaren parean dagoen bidegurutzean biribilgunea egitea, "istripu ugari" izaten baita puntu horretan. "Bidegorriaren obrak bertan ere egin beharko direnez, lan horiek biribilgunea eta auzora sarrera duin bat egiteko baliatzea eskatzen dugu". Batzordeak bi lan ildo nagusi izango dituela jakinarazi dute. Batetik, bide instituzionala landuko dute; eta, bestetik, herri ekimenak-eta antolatuko dituzte.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide