Erreskatatu dute atzo arratsaldetik Zestoako Hamabi Iturri koban harrapatuta zegoen espeleologoa

Zestoako Hitza 2016ko urriaren 9a

Donostiako Hospitalera eraman dute bi hanketan hausturak zituelako. 43 urteko zestoarra da hainbat orduz harrapatuta egon den gizonezkoa.

Erreskate taldea koba barruan. (Ertzaintza) Gaur goizeko 08:10ak aldean erreskatatu dute atzo arratsaldetik Zestoako Hamabi Iturri koban harrapatuta zegoen espeleologoa. 43 urteko zestoarra Donostiako Hospitalera eraman dute, bi hanketan hausturekin. Bart bertaratu zen erreskate taldea haitzulora, baina gizonezkoa zegoen tokira iristeko zailtasunak medio, ezin izan dute gaur goizera arte atera. Gau osoan bertan aritu dira lanean Ertzaintzaren mendiko taldea, Euskal Herriko Espeleologia Taldea, SOS Deiak, suhiltzaileak, DYA eta Gurutze Gorria. Atzo arratsaldean gelditu zen espeleologoa Hamabi Iturri haitzuloan harrapatuta, lur-jausi baten ondorioz. Zestoarra eskalatzen hasi zen kobako gune batean, eta harriak gainera erori zitzaizkion. Ertzaintzak jakinarazi duenez, kobaren sarreratik 300 bat metrora gelditu zen harrapatuta.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide