Eskola Txikien Festa antolatzeko lehen bilera egin dute Arroabean

Zestoako Hitza 2016ko urr. 3a, 10:27

2017ko ekainaren 11n Gipuzkoako Eskola Txikien Festa egingo dute Arroabean, eta 70 lagunetik gora bildu ziren ostiraleko bileran

Eskola Txikien Festa antolatzeko lehen bilera, joan den ostiralean. (Kepa Iribar) 2017ko ekainaren 11n Gipuzkoako Eskola Txikien Festa egingo dute Arroabean, eta, joan den ostiralean, hura antolatzeko beharrezkoak diren lantaldeak osatzeko lehen bilera egin zuten. Sakulupe Guraso Elkarteko kideak, Udaletxeko zinegotzi Gorka Unanue, eskolako irakasleak eta auzotarrak elkartu ziren. Bilera gela bete egin zen: 70 lagunetik gora bildu ziren, eta denakĀ  lanerako gogoz agertu ziren. Hainbat batzorde osatu ziren festa antolatzeko beharrezkoak diren lanak egiteko, eta jendeak batzorde horietan izena eman zuen. Batzorde bakoitzak koordinatzaile bat izango du, eta koordinatzaileen arteko bilerek lotuko dituzte. Koordinazio mahai horretan Guraso Elkarteko, Udaletxeko eta eskolako kideak egongo dira, eta datorren astean izango dute lehen bilera. Inork laguntzeko izena eman nahiko balu, Guraso Elkarteko kideengana edo eskolara jo dezake. Bestalde, ekaineko festa baino lehen, eskola berriko lanak hasita egotea aurrikusten dute. Eusko Jaurlaritza ordurako eraikin berriko lanekin hasteko, aurrez udalak azpiegitura eta hornikuntza lanak egin beharko ditu: hala nola, ura, argi indarra, saneamendua eta telekomunikazioa behar bezala jarri beharko ditu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide