Udal ordezkariekin elkartzeko eskaera egin dute Zestoako hainbat herritarrek

Urola Kostako Hitza 2016ko irailaren 28a

Hondakinak biltzeko sistema mantentzea nahi dute. Uztaila amaieran eskatu zuten bilera, baina, erantzunik jaso ez zutenez, berriz egin dute eskaera. Sinadura bilketa ere hasi zuten pasa den ekainean.

Zestoako hainbat herritarrek sinadura bilketa hasi zuten pasa den ekainean herrian duten hondakinak biltzeko sistema mantentzea eskatzeko. 720 sinadura jaso dituzte dagoeneko,  baina oraindik ez dute bilketa itxi, eta "norbaitek sinadura eman nahi badu, aukera du oraindik”, esan dute. Gaiaz hitz egiteko, udaleko ordezkariekin bilera egin nahi dute.

Uztaila amaieran ere bilera eskatzeko idatzia sartu zuten udaletxean, baina ez zuten erantzunik jaso, eta, horregatik, biltzeko eskaera egin dute berriro. "Egungo hondakinen bilketa-sistemarekin jarraitzea hobesten dugunok zeresana dugu. Gure iritzia entzutea eskatzen dugu", esan dute. "Adostasunez ezarritako sistema da egungoa. Beraz, udal ordezkariei gure iritziak eta ideiak entzuteko eskatzen diegu", gaineratu dute. Aldaketarik egin aurretik "beraiekin adostea eta eztabaidatzea" eskatzen dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide