Iraurgi Berritzenek emandako datuen arabera, uztailaren 1etik abuztuaren 31ra bitartean, 8.769 bisitari joan dira Loiolako Turismo Bulegora; horietatik 2.863 uztailean, eta 5.906 abuztuan. 2015eko garai berdineko datuekin konparatuz, %9 egin du gora bisitari kopuruak. %56 bere kabuz bidaiatzen duen turista izan da, eta %44 bidaia antolatuetan etorri dena. Bisitarien %21 Euskal Herritik etorri da, %8 Kataluniatik, %41 Espainiatik, eta %30 beste herrialderen batetik. Atzerritar gehienak Frantziatik, Europatik, Ameriketako Estatu Batuetatik eta Asiatik etorri dira.
Gehienak Euskal Herria ezagutzera etorri diren familia eta bikoteak izan dira. Hiriburuetan eta kostaldean ostatu hartu dute, orokorrean, eta Loiola eta inguruak ezagutzera egun pasa etorri dira. Profil hori eguna betetzeko plan edo ekintza bila sartu da turismo bulegoan, eta eskualdeko herrietara bideratu dira. Azkoitian, Azpeitian nahiz Zestoan eskaintza turistiko propioa osatu dute, bisita gidatu nahiz eraikin esanguratsuen irekieraren bidez, eta herri horietara joan dira.
Hiru udalerrietako sasoiko eskaintza propioaz gain, Iraurgi Berritzeneko turismo sailetik hainbat produktu turistiko jarri dituzte martxan. Urola Gustagarri egitasmoaren Udako Zaporeak izeneko edizioan, esaterako, 32 pertsonak parte hartu dute. Bertan, Arretako gazta, Urki Zaharreko txakolin ekologikoa eta Egan?ako gozoak dastatu ahal izan ziren. Produktu horiekin osatutako menuak prestatu zituzten Azkoitiko Iturrin eta Azpeitiko Kiruri eta Mikel Urian, eta "balorazio positiboa" egin dute hiru jatetxeek.
400 lagun, Inaziotar Bidean
Bestalde, Izarraitzeko ibilbideetan, 1.052 pertsona interesatu dira udan. Familientzako antolatutako 5 geltoki historian... egitasmoan, berriz, 1.200 eskuorri inguru banatu dira. Gainera, aurten Inaziotar Bideari ekin diotenak ia 400 lagun izan dira; erdiak baino gehiago atzerritarrak. "Ezbairik gabe, etorkizunera begira dugun erronka nagusienetakoa izango da Inaziotar Bideak ematen dituen aukera turistikoak ondo kudeatzea", agertu du Iraurgi Berritzen elkarteak.
Turismo jarduerak nabarmen egin du gora Gipuzkoan, Foru Diputatutak aurkezturiko datuen arabera, eta eskualdea ez da salbuespen bat izan. Baina hobetzeko asko dagoela ere erakutsi dute turistek, hala nola, "produktu turistikoen artikulazioan eta konposaketan, zerbitzuetan, eta azpiegituretan –seinalizazioan batez ere–".