Joan den urteko Akoako Birako irudi bat. (Nerea Uranga)
Hamaikagarren Akoako Bira jokatuko dute igandean. 10:30ean hasiko da, Akoako ermitan, eta leku berean amaituko da. 7,8 kilometroko mendi lasterketa da, eta 18 urtetik gorakoek parte har dezakete. Interesatuek, ostiralera bitartean eman dezakete izena,
herrikrosa.eus webgunean. Bost euro ordaindu behar da, baina egunean bertan dirua itzuliko dute. Dagoeneko 80 lagun inguru apuntatu dira, eta 150ek parte har dezakete, gehienez.
Akoako auzoari buelta ematen dio ibilbideak. Hamar baserritatik igarotzen da; errepidetik zein landa bidetik. Lau kilometro aldapan gora egingo dituzte kirolariek, eta beste lau inguru, maldan behera. Pedro Cabanillas da antolatzaileetako bat, eta haren arabera, "lasai hartu behar da, eta amaitu egin behar dela pentsatu".
Parte hartzaileen artean, hainbat sari banatuko dituzte. Bost emakume azkarrenek eta bost gizon azkarrenek jasoko dituzte sariak: besteak beste, txapela, arkumea, gazta, oilaskoa, ardoa... Gainera, 720. metrotik aurrena pasatzen diren emakumeak eta gizonak bi kilo eta erdi txuleta jasoko dituzte; baina, horretarako, lasterketa amaitu egin beharko dute. Bestalde, sailkapenaren erdian gelditzen denari txerrikume bat emango diote. Hamaiketakoa eta zozketak ere izango dira, eta dutxatzeko aukera izango dute nahi dutenek.
Gaztetxoen lasterketa
Proba nagusiaren ostean, haurren lasterketa egingo dute. 300 metroko ibilbidea da, eta 6-12 urte bitartekoek parte har dezakete, nahiz eta ez diren adin mugarekin "oso zorrotzak" izango. Bigarren edizioa du egitasmoak, eta Cabanillasen esanetan, lehengo urtean "oso ondo" funtzionatu zuen, 85 lagunek parte hartu baitzuten. Ez da sailkapenik egongo, eta gozoki poltsa bana banatuko diete partaideei. Parte hartzeko, ez da izenik eman behar.
Korrikalariek beren lanak amaitutakoan, asto karreraren txanda izango. 7-8 astok eta haien jabeek parte hartuko dute.