(E. Albizu Lizaso)
Zestoako V. Garagardo Azoka egin dute asteburuan, Astindu elkarteak eta herriko Txoko Feministak antolatuta. "Giro polita" izan dute azokan, eta antolatzaileak gustura daude herritar ugarik parte hartu duelako, prestaketa lanetan zein azokara joanda. Itsaso Zubiria antolatzaile taldeko kidearen arabera, "jende dezente eta desberdina" ibili da laguntzen, eta "garrantzi handia" eman diote horri. "Harremanak sortu eta indartzeko" balio izan du azokak, Zubiriaren hitzetan. Gainera, Astindu eta Txoko Feminista talde berriak izanda, herrira begirako "erakusleiho" bezala balio izan du egitasmoak, zestoarrek bi eragileen berri izan dezaten.
Salmentei dagokionez, Zubiriak esan du ez dela izan beste urteetako azoka baino indartsuagoa. Dena den, "pozik" daude alor horrekin ere: "Ikusi dugu herrian erreferente bihurtu dela garagardo azoka. Herritarrentzat oporretatik bueltan juntatzeko topalekua da, eta hori nabaritu dugu".
Hala ere, antolatzaileek adierazi dute dirua ez dela izan beraien helburu nagusia. "Dirua garrantzitsua da, baina beste helburu batzuk lehenetsi ditugu; esate baterako, bi taldeen arteko elkarlana sendotzea eta herritarrengana gerturatzea", azaldu du Zubiriak.
Ekitaldiak antolatzeko
Garagardo azoka hasi aurretik esan bezala, ekitaldien agenda bat osatzeko erabiliko dute Astinduk eta Txoko Feministak dirua. Agenda hori "feminista, kulturala, soziala eta anitza" izango da. Oraindik ez dute guztiz zehaztu zer ekitaldi eskainiko dituzten, baina Amabirjin jaien ondoren hasiko dute ikasturte berria, eta agenda hori finduko dute, jendaurrean aurkezteko.
Bien bitartean, bi elkarteek eskerrak eman dizkiete zestoarrei: "Eskerrik asko txandak egin dituztenei, muntaketa lanetan ibili direnei edo, besterik gabe, garagardoa edatera edo afaltzera bertaratu direnei". Zubiriak dei egin die herritarrei hemendik aurrera antolatuko dituzte ekitaldietan ere parte hartzeko: "Espero dugu berriro elkar ikusiko dugula".
Pasa den ostegunean ireki zuten azoka, eta igandea bitartean garagardoa, musika eta festa uztartu dituzte zestoarrek. Batukada, kontzertuak, trikitia, karaokea, txaranga... egitarau oparoa izan dute herrian.
Oraindik bi festa aste dituzte aurretik zestoarrek
Garagardo azoka bukatu bada ere, Amabirjinak ate joka dira, eta bi festa aste dituzte aurretik zestoarrek. Datorren asteburuan, esate baterako, Gazte Eguna izango da larunbatean;?eta Zaharren Eguna, igandean.
Gazteen pilota finalekin hasiko dute asteburua, 11:00etan;?eta arraza libreko ardi txakur txapelketa jokatuko dute eguerdian. 14:30ean, azken urteetan moduan, herri bazkaria egingo dute plazan. Arratsaldez, dagoeneko ohitura bihurtu den Ondarbasoko igoera jokatuko dute 16 urtetik gorako txirrindulariek. XXXI. edizioa da aurtengoa, eta Erdikaletik Ondarbasora igo beharko dute ziklistek, erlojuaren kontra.
Musikak hartuko dio erreleboa kirolari, eta Burrunba elektrotxarangak kaleak girotuko ditu 22:00ak bitartean. Gauez, 23:00etatik aurrera, honako taldeek joko dute: Ankhar, Nothing Box eta John Berkhout.
Hurrengo egunean, igandean, Idiakaitz txistulari taldearen dianarekin hasiko dute adinekoen eguna. Ondoren, meza egingo dute parrokian, eta herriko zaharrenei oroigarriak emango dizkiete. Aurtengoan, Juana Josefa Manterola eta Valeriano Landa izango dira protagonistak. Haiez gain, ordea, 89 eta 90 urteko guztiei egingo diete aipamena. Bainuetxean bazkalduko dute guztiak batera, eta egunari bukaera emateko, hainbat musikarik alardea egingo dute, plazan. Zestoako zein Euskal Herriko txokoetako musikariak izango dira, eta 50 txistulari inguru biltzea aurreikusten dute. Idiakaitz elkarteak antolatu du, eta Garikoitz Mendizabal txistularia arituko da zuzendari lanetan.
Pilotarako sarrerak salgai
Asteburu honetako ekitaldiak pasatu ondoren, irailaren 7an, asteazkenean, helduko diete berriro festei zestoarrek. Beraz, bost egun gehiago izango dituzte ospakizunetarako.
Urteroko profesionalean pilota partidak, adibidez, irailaren 9an, ostiralean, izango dira. Aurtengoan, honako bikoteak lehiatuko dira partida nagusian: Irribarria eta Rezusta, batetik; eta Altuna III.a eta Zabaleta, bestetik. Bigarren partida izango da hori, eta lehena pilotari hauek jokatuko dute: Mendizabal III.ak eta Martijak osatutako bikoteak eta Jaka eta Tolosak. Herriko pilotalekuan dira neurketak, 22:00etatik aurrera. Eros daitezke sarrerak, Zestoako kiroldegira joanda edo telefono zenbaki honetara deituta: 943-14 79 42.
Irailaren 10eko Patanen jaitsieran ere izena eman daiteke: Mollergira joanda edo beraien Facebook orrialdera idatzita.