Ireki dute Zestoako garagardo azoka

Zestoako Hitza 2016ko abuztuaren 25a

Hamairu garagardo mota eskainiko dituzte igandea bitartean, eta bertan mokadua egiteko aukera ere egongo da. Herriko Txoko Feministak eta Astindu elkarteak antolatu dute azoka, eta herrian ekitaldiak prestatzeko erabiliko dute dirua.

(E. Albizu Lizaso) Zestoako V. garagardo azoka ireki dute gaur, osteguna, arratsaldean, kiroldegi ondoko estalgunean, eta igandea bitartean egongo da zabalik. Herriko Txoko Feministako eta Astindu elkarteko kideek bete dituzte lehen garagardo pitxerrak, eta gogorarazi dute herrian hainbat egitasmo antolatzeko erabiliko dituztela asteburuan ateratako sosak. Irailari begira, agenda bat sortu nahi dute, "feminista, soziala eta kulturala". Honakoa adierazi dute: "Ez dugu ulertzen herritarren erdia, emakume izateagatik, gizonezko beste erdi baten menpe egotea; edo hainbat herritar, bazterrean, ia ezer gabe uztea". Ildo beretik, azaldu dute "eredu berri baten alde" nahi dutela lan egin, "elkartasunez", eta "eraldaketaren bidean urrats txikiak eginez". Bukatzeko, herritarrak gonbidatu dituzte garagardo azokara. Hamairu garagardo mota izango dituzte azokan. Haietatik lau arruntak dira: Amstel Oro, Amstel Radler, Forter eta Paulaner O. Munchner. Sei garagardo berezi eskainiko dituzte: Affligem Dubbel, Affligem Blond, Guinness, Kilkenny, Paulaner Salvator eta Paulaner H.W.. Horiez gain, Euskal Herriko garagardo berezia ere badute Zestoan, BBP Captain Klosch eta BBP Arraun Amber Ale. Alkoholik gabeko Bucklerra ere salduko dute. Hiru euro balio dute garagardo arruntek; eta lau, berriz, bereziek. Bestalde, bertan mokadua egiteko, azeitunak, patatak, ukondoa, oilaskoa, saltxitxak eta postrea ere egongo dira. Honakoa da egun hauetako egitaraua:
Osteguna, abuztuak 25 18:30. Garagardo Azokaren irekiera. 19:00. DJak izango dira giroa jartzen. Ostirala, abuztuak 26 19:00. Occhi di Farfalla taldearen kontzertua. 00:00. Karaokea. Larunbata, abuztuak 27 13:00. Batukada. 19:00. Aizpea, Monik eta Manexek kontzertua emango dute. Afal aurretik eta ondoren, Zestoako Txarangak joko du. Igandea, abuztuak 28 18:30. Argazki lehiaketako sari banaketa. 19:00. Funkdamental taldearen kontzertua.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide