Guztia prest dute ostegunean Zestoako garagardo azoka irekitzeko

Zestoako Hitza 2016ko abuztuaren 23a

Astindu elkarteak eta Txoko Feministak antolatu dute elkarlanean azoka, eta igandean bitartean, hamaika ekitaldi prestatu dituzte.

Zestoako V. Garagardo Azoka ostegunean irekiko dute, eta dagoeneko prest dute guztia festari hasiera emateko. Astindu elkarteak eta herriko Txoko Feministak antolatu dute ekimena, "auzolanean". Antolatzaileen arabera, bi taldeak berriak diren arren, behin baino gehiagotan topo egin dute herriko ekitaldietan, eta "formula ona" iruditu zaie erronkari elkarrekin eustea. Bi elkarteek azaldu dutenez, lana arinagoa da pertsona gehiagoren artean eginez gero; baina, horrez gain, elkarlanerako "ate berriak" irekiko dizkiela uste dute. Astindu elkartea eta Zestoako Txoko Feminista batera aritu dira lanean, besteak beste, herriko eragileen mahai inguruan, baloreen zuhaitzen egitasmoan edo Herri Azoka antolatzerakoan.

Diruaren erabilera

Garagardo azokan bildutako diruarekin, agenda bat sortu nahi dute Astinduk eta Txoko Feministak: "Feminista, soziala, kulturala eta anitza". Hitzaldi zikloak eta ikastaroak dituzte buruan, esate baterako, autodefentsa feministako eskolak edo energiaren eta eredu sozialaren inguruko solasaldiak. Egitaraua aurrerago findu eta plazaratuko dute. Antolatzaileek dei egin diete herritar eta bisitariei osteguna eta igandea bitartean garagardo azokara joateko, kiroldegi pareko estalgunera.

Egitaraua

Osteguna, abuztuak 25 18:30. Garagardo Azokaren irekiera. 19:00. DJak izango dira giroa jartzen. Ostirala, abuztuak 26 19:00. Occhi di Farfalla taldearen kontzertua. 00:00. Karaokea. Larunbata, abuztuak 27 13:00. Batukada. 19:00. Aizpea, Monik eta Manexek kontzertua emango dute. Afal aurretik eta ondoren, Zestoako Txarangak joko du. Igandea, abuztuak 28 18:30. Argazki lehiaketako sari banaketa. 19:00. Funkdamental taldearen kontzertua.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide