Abuztuaren 17tik 25era grabatuko dute Zestoan Etb2ko ‘Tu al norte y yo al sur’ programa

Zestoako Hitza 2016ko abuztuaren 10a

Saioa irailetik aurrera hasiko dira ematen Etb2 katean.

Etb2 kateko Tu al norte, y yo al sur programaren bigarren denboraldia Zestoan grabatuko dute, hilaren 17tik eta 25era. Pausoka ekoizpen etxeak du programaren ardura, eta azaldu dutenez kulturalki "oso aberatsa" delako hautatu dute Zestoa kokaleku gisa. Herrian bertan nahiz inguruetan grabatuko dute saioa datorren astetik aurrera. "Inguru oso politak ditu Zestoak eta dena gertu du, gainera", azaldu dute ekoizpen etxetik. Grabaketa egunetan Andaluziako sei lagun egongo dira Zestoan, "inguruko etxeetan bizitzen". Horiei euskal kulturaren berri ematea izango dute helburu, eta alderantziz. Ekoizpen etxeak azaldu duenez, Zestoako herritar dezentek parte hartuko dute saioan. Azken asteetan bilera bat baino gehiago egin dituzte herritarrekin, azken xehetasunak zehazteko asmoz. "Telesaila Zestoako herritarrekin egin nahi dugu. Iruditzen zaigu ez dela merezi bezainbeste ezagutzen herria, eta horixe da gure helburua: Zestoa ezagutaraztea". Programan parte hartu nahi duten herritarrak garaiz daude oraindik izena emateko. Horretarako, 679-40 01 00 telefonora deitu behar da. Saioa irailetik aurrera ikusi ahal izango da Etb2 katean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide