Etxebizitzak alokatzeko diru-laguntzak emango ditu Zestoako Udalak datorren ikasturtean

Eneritz Albizu Lizaso 2016ko uztailaren 29a

18 eta 35 urte arteko gazteek, 70 urtetik gorakoek, urritasunen bat duten pertsonek, alargunek eta guraso bakarreko familiek izango dute aukera alokairu sozialerako laguntza eskatzeko.

(Ana Abarisketa) Zestoako Udalak etxebizitzak alokatzeko diru-laguntzak eskainiko ditu 18 eta 35 urte arteko gazteentzat, 70 urtetik gorakoentzat, urritasunen bat duten pertsonentzat, alargunentzat eta guraso bakarreko familientzat. 30.000 euro bideratuko dituzte horretarako; eta, ondo bidean, irail bukaerarako izango da eskaerak egiteko aukera. Laguntza eskatu ahal izateko, ez da gutxieneko diru-sarrerarik behar, baina aipatu dituzte gehiengoak: 28.000 euro, bizilagun bakarraren kasuan; 35.000 euro, berriz, bi lagun edo gehiagok eskatzen badute diru-laguntza. Laguntza hori eskatzeko, bestalde, alokairuaren errenta 550 euro baino gutxiagokoa izan beharko da. Astelehenean argitaratuko dute proposamena Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Atzoko, osteguneko, udalbatzan onartu zuten diru-laguntza, aho batez. EH Bilduk begi onez ikusi zuen proposamena, baina Amagoia Andres zinegotziak esan du "diru gehiago" espero zutela partida horretarako.

Udal aldizkaria

Zestoako Udalak aldizkari bat argitaratu du azken urtean eginiko lanak nabarmentzeko, eta etxez etxe banatu dute. EH Bilduk salatu du aldizkaria etxera iritsi artean ez dutela izan horren berririk; eta, gainera, han agertzen diren lan guztiak ez direla azken urtean eginikoak. Argitalpen hori "panfleto" bat dela nabarmendu dute. Hori dela-eta, udal gobernuari eskatu diote hurrengo udalbatzara eramateko aldizkariak izan duen kostuaren zenbatekoa. Udalbatzan hitz egindakoen inguruko xehetasun gehiago, danbolin.eus atarian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide