Izarraitzeko mendi ibilbideen inguruko mapa kaleratu dute

Urola Kostako Hitza 2016ko uztailaren 26a

Azpeitiko, Azkoitiko eta Zestoako udalek, Iraurgi Berritzenekin elkarlanean, Izarraitzeko mendi ibilbideen mapa osatu dute. Dagoeneko eskuragarri dago.

Zestoako, Azpeitiko eta Azkoitiko udal ordezkariak. (Azkoitiko Udala) Iraurgi Berritzen Garapen eta Berrikuntza Agentziaren Turismo sailaren eskutik, Zestoako, Azpeitiko eta Azkoitiko udalek Izarraitzeko mendi ibilbideen mapa argitaratu dute. Zehazki, ostiralean aurkeztu zuten eskuorria udal ordezkariek. Eguraldiak lagundu ez zuen arren, Zorrospen bildu ziren hiru udalerrietako udal ordezkariak eta garapen agentziako kideak lana aurkezteko. Jesus Mujika Iraurgi Berritzeneko arduradunak azaldu zuenez, "aisialdirako eta turismorako Izarraitzeko eremu naturalak dituen aukerei balorea eman eta horiek islatzea da proiektuaren helburua". Esan zuenez, turismoan antzeman duten eskariari erantzuteko egin dute proiektu hori: "Turismo bulegoan behin eta berriz errepikatu den galdera honakoa da: Nola igo ninteke han gora? Ibilbiderik ba dago?".

Turimoa eta natura

Dagoeneko eskuragarri dago ibilbideen inguruko eskuorria interesa duten ororentzat. Modu erraz eta argian agertzen dira Izarraitzek eskaintzen dituen aukera ezberdinak. Horrez gain, inguruko paisaien informazio zabala jasotzen da. Bestalde, zerbitzu turistikoen berri ere jaso dute eskuorrian. Izarraitz eremuko ostatuak, jatetxeak, garraioak eta abar gehitu dituzte. "Eskari turistikoa gero eta segmentatuagoa eta zorrotzagoa da. Egun, jendeak aukera zehatzak eskatzen ditu, hala nola natura, familia planak, gastronomia edo kulturari lotutako aukera desberdinak, eta eskaintza turistikoa eskaintzen dugunok horretara egokitu behar dugu", azaldu zuen Mujikak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide