Peru Llanosek irabazi du Uztapide bertso paper sariketa

Urola Kostako Hitza 2016ko uzt. 25a, 11:07

'Hau ez da berria' bertso sortari esker irabazi du Zestoako Erralla bertso eskolak antolatutako sariketa.

Aitor Salegik jantzi zion txapela Peru Llanosi. (Danbolin.eus) Peru Llanosek irabazi du Zestoako Erralla bertso eskolak antolatutako Uztapide bertso paper sariketa, Hau ez da berria bertso sortari esker. Atzo, igandea, sariketara aurkeztutako bertsoak abestu zituzten herritarrek, Laranjadi plazan. Ondoren, Peru Llanosi txapela jarri zion Errallako Aitor Salegik. Erralla bertso eskolako bi ikaslek bertsoak abestuz hasi zuten ekitaldia; izan ere, Errallak aurtengo ikasturtean berreskuratu du haurren bertso eskola. Eguerdian, berriz, bertso bazkaria egin zuten jubilatuen tabernan, Oihana Iguaranekin eta Iñaki Apalategirekin. Sariketa berreskuratuta, "gustura" dira Errallako kideak, eta haiek esan dutenez, "urtetik urtera indarra hartuko duela espero" dute. Doinua: Xabier Silveiraren ETAren su-etenetik” 1. Zure begien dizdira bilakatu da desio. Zure irrifar “maltzurra”, amets “gaiztoen” pasio. Zu ezagutzea daukat azken aldian misio, ezustean bihurtu da nahi gabeko obsesio, gerturatzen saiatzen naiz dagoenean okasio, baina lotsa gailentzen da mila dardar inbasio alkohol gradu altuenak zurekin ez du balio.   2. Parrandan ere ezina izotz urtuan irrista zeinen itxia daukaten autoestima pista, Napoleon izan nahi dut urrutira bota bista teknologiaz lagundu dena zein surrealista pikutara protokolo izan nadi egoista armiarmaren dohaiak ditugu protagonista sarean murgilduko naiz hasi dadila konkista   3. Sare sozialen mundua horrelaxe deritzaio nahiz harreman sozialei arrivederci ta aio. Perfilean sirena du ze arrai ta ze arraio tutikan ez det ulertzen baina gertura natzaio bere laguna “klik” batez izatea ez nun nahio sentidurikan ez duen lekuan ote naiz jaio? Armiarmai hankak eta arraiai zer falta zaio?   4. Ordenadore pantaila eta wifia harresi emotikonoak dira bihurtuko kupido gezi. Idatzi dizkiot jada hamar-hamaika poesi doinu, errima ta neurriz gutxio ez zuen merezi erantzuna hutsartea sentitu ahal da berezi? Irudimena landuaz egin hainbat hipotesi hutsartea luzatu da orain ni noa ihesi. 5. Erantzun eza daukagu piztu ezin leiken sua halakoxea daukat nere maitasun kasua su garra ez itzaltzea neretzako probetxua erreta bukauko banu galduko nuke pultsua probau gabe ezin jakin ze lore den pozoitsua begiak irikitzeko eman behar det pausua zein ostiak esan zuen maitasuna da itsua. 6. Istori berberak beti amaiera bortitza, ate guztiak itxita galdurik al dago giltza? Lehiotik lotsa airera haizeak eman du hitza astindu ditu goi ta behe baretzeraino ekaitza sentimendu aldakorren parabola da bizitza amorerik eman gabe beroan bila gabiltza egunero irtetzen da berriz eguzkian printza.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide