Ardi gazta, txakolin ekologikoa eta artisau izozkiak dira Urola Gustagarriren proposamen berriak

Ana Abarisketa 2016ko uztailaren 13a

Larunbatean hasi eta abuztuaren 15a bitartean iraungo du Urola Gustagarriren 'Udako zaporeak' egitasmoak.

Antolatzaile, babesle eta parte-hartzaileak, aurkezpenean. Ezkerretik eskubira, Jexux Mujika, Inazio Egaña, Maite Cruzado, Javier Zubizarreta, Nekane Otaño, Yurre Peñagarikano eta Agustin Lizarralde. (Ana Abarisketa) Udako zaporeak lelo hartuta aurkeztu dute gaur, asteazkena, Urola Gustagarriren edizio berria. Zapatuan egingo dute aurreneko ekitaldia uda sasoirako aukeratu dituzten produktuak ezagutzera emateko. Hiru dira oraingoan aukeratutako produktuak: Ardi gazta, txakolin ekologikoa eta artisau izozkiak. Gaur Loiolan egindako agerraldian parte hartu dute Javier Zubizarreta Azkoitiko alkate eta Iraurgi Berritzeneneko lehendakariak, Urkomeko Yurre Peñagarikanok, Maite Cruzado Aldundiako Turismoko zuzendariak eta Nekane Otaño Beizamako alkateak. Ekoizleen izenean hitz egin zuen, berriz, Azpeitiko Egaña Gozotegiko Inazio Egañak.

Abuztuaren erdira arte

Urola Gustagarriren udako edizioak abuztuaren 15a bitartean iraungo du. Egun horietan bisita gidatuak izango dira, hautatutako osagaiak hobeto ezagutzeko. Horrez gain, hiru jatetxek proposatutako menuak dastatzeko aukera egongo da. Plater horiek osagai protagonistak erabilita osatu dituzte honako jatetxe hauek: Azkoitiko Iturri eta Azpeitiko Kiruri eta Mikel Uria.

Datozen ekintzak

Uztailak 16. Udako zaporeak edizioko produktuen aurkezpena eta dastaketa, 12:00etan, Loiolako Santutegiaren atarian. Uztailak 23 eta abuztuak 13. Beizamako Arreta baserriko gaztandegira bisita, 11:00etan. Idiazabal jatorriko gazta ekoizleak eta Artzai Gazta elkarteko kideak dira Arreta baserrikoak. Abuztuak 6. Urki Zahar baserrira bisita, 11:00etan. Getariako Txakolina jatorrizko deiturako mahastirik altuena ezagutu, eta txakolin horren ekoizpenaren sekretu guztiak zuzenean ikasteko aukera baserriko ugazabaren eskutik. Abuztuak 9 eta 11. Egaña Gozotegiak izozkiak nola egiten dituen ezagutzea ekoizpenean parte hartuz. Bisita, Egañak Gozotegiak Landetan duen lantegira izango da, 11:00etan. Gehienez hamar lagunek parte hartu dezakete. Bisita horietan parte hartzeko aurrez izena eman behar da Loiolako Turismo Bulegoaren bidez. Interesa dutenek deitu 943-15 18 78 telefonora edo idatzi i-loiola@urolaturismo.eus-era.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide