Auzolanean antolatutako karmenak hasiko dituzte bihar Arroabean

Ana Abarisketa 2016ko uztailaren 13a

Lau eguneko Karmen jaiak izango dira aurten, bihar hasita. Egitarau oparoa prestatu du Arroabeko Festa Batzordeak. Karmen Egun handia larunbata izango da.

Arroabeko Festa Batzordeak adin guztietako herritarrak gogoan izanda osatzen ditu jaiak. (Zestoako Udala) Otsailean hasi ziren biltzen Arroabeko Festa Batzordeko kideak Karmen jaietako egitaraua prestatzeko. Dozena bat lagunek osatzen dute lantaldea, eta aitortzen dute urte osoa ematen dutela egitaraua nola osatu pentsatzen. Irati Mantzisidor da batzordeko kideetako bat, eta hark azaldu duenez jaien bidez "herria dinamizatzea" du helburu festa batzordeak. Horretarako "ahalik eta jairik oparoenak" prestatzen saiatzen dira, eta lortu ere lortu dute beste behin. Zabala da karmenetako eskaintza, auzoa bezalaxe. Bihar hasiko dituzte festak Arroabean eta igandera arte luzatuko dira. "Santuekin ez dugu asko sinesten, baina hark baldintzatzen dizkigu karmenak", dio Mantzisidorrek. Karmengo Eguna larunbata da aurten, beraz, igandean bukatuko dira jaiak. Beste urte batzuetan egun gehiago izaten dituzte jaiek; ondorioz, ekitaldirik arrakastatsuenak mantentzea erabaki dute, beste batzuk kenduta. Jubilatuen Eguna izango da biharkoa. Ohi bezala, meza eta bazkaria egingo dituzte erretiratuek, azken hori Ederki elkartean. Berritasun gisa gehitu dute egitarauan bertsolari gazteen saioa, 22:30ean. Saioa pilotalekuan izango da, eta honako hauek parte hartuko dute: Aitor Salegi, Arnaitz Lasarte, Eli Pagola, Gemma Urteaga, Jokin Bergara eta Maialen Velarde. Ostirala, berriz, Umeen Eguna izango da. Egunean zehar puzgarriak eta jolasak izango dituzte umeek, eta, danborrada izango da iluntzean. Ohi bezala, danborrak eta upelak astinduko dituzte auzotarrek. Talde bat osatzen dute, 15 urtetik hasi eta 75era bitartekoek osatua. Festa goizaldera arte luzatuko da, Gaupasa Eguna ere izango da-eta etzi. Urtero legez, egunak hantxe harrapatuko ditu Arroabera joaten diren asko. Karmen Egunean — larunbata aurten— tradizioa da tabernak itxi ostean baserriz baserri ibilaldia egitea, Katzaolatik hasita. Sei bat baserritan abesten dute festazaleek, herrigunean bukatuz ibilbidea.

Karmen Eguna, larunbata

Karmen Egunak hartuko ditu, beharbada, bisitari gehien aurten. Eguerdian bazkaria egingo dute kuadrillek Arroabeko pilotalekuan. Lehen, paella lehiaketa antolatu ohi zuten, baina joan den urtetik Zestoako bizilagun bat arduratzen da bazkaria prestatzeaz. Ondoren, kuadrillen arteko jolasak egingo dituzte, zezenekin aurrenekoz. Gauerako, berriz, hiru kontzertu antolatu dituzte: The Fridays Crew, Egurra eta Kitto eta Guri5. Igandean bukatuko dira karmenak. Arratsaldean, VIII. Trikitilari Gazteen Txapelketa egingo dute. Iaz parte hartu zuten aurrenekoz Arroabeko bi bizilagunek, eta aurten ere igoko dira oholtzara. Bukatutakoan, sagardoa, ardoa eta pintxoak dastatzeko aukera egongo da. Ikurriña jaitsita bukatuko dira jaiak. Egitaraua Bihar, uztailak 14 11:00. Bonbazoa jaiei hasiera emateko. 12:00. Erretiratuentzako meza. Ondoren, herriko erretiratuen pala partida. 14:00. Erretiratuentzako bazkaria Ederki elkartean. Erromeria Jugatz eta Naiarekin. 18:30. Pala txapelketako finalerdiak. Jarraian, Munduko Platerak. 22:30. Bertsolari gazteen saioa. Bertsolariak: Aitor Salegi, Arnaitz Lasarte, Eli Pagola, Gemma Urteaga, Jokin Bergara eta Maialen Velarde. Etzi, uztailak 15 10:00. Ume jolasak. Ondoren, umeentzako bazkaria. 15:00. Puzgarriak. 17:00. Txokolatada. 19:00. Pala txapelketako finala. 20:30. Danborradako afaria. 23:00. Danborrada herrikoia, Zestoako txarangak lagunduta. 00:00. Ikurriñaren igoera Joxe Migelen plazan, sirena hotsak lagunduta. Jarraian, Fan&Go eta DJon. Larunbata, uztailak 16 06:00. Gaupaseroen karroza. 12:00. Meza nagusia. Ondoren, Zestoako dantzariak. 14:30. Kuadrillen bazkaria pilotalekuan. Ondoren, kuadrillen arteko jolasak zezenekin. 22:30. The Friday’s Crew, Egurra eta Kitto eta Guri5. Igandea, uztailak 17 10:30. Diana Idiakaitzekin. 12:00. Meza. 12:30. Zezenak eta pottokak. 18:00. VIII. Trikitilari Gazteen Txapelketa. Ondoren, sagardo dastaketa eta pintxoak. 00:00. Bonbazoa, suziriak eta ikurrinaren jaitsiera sirena hotsarekin, jaiei amaiera emateko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide