Zuzuarregi, Etxeberria, Mendizabal eta Zubizarreta ostiralean Zestoako plazan. (E. Albizu Lizaso)
Zestoako Udalak hitzarmen bat sinatu du Iraurgi Berritzen Urola Erdiko garapen agentziarekin. Sozioekonomia "bailarako ikuspegiarekin" lantzea da bi eragileen helburua, eta horretarako bidea irekitzen hasi direla azaldu dute ordezkariek. Erabakiaren berri emateko bildu ziren joan den ostiralean Josetxo Mendizabal Zestoako alkatea, Aitor Zuzuarregi zinegotzia, Javier Zubizarreta Iraurgi Berritzeneko lehendakaria eta Azkoitiko alkatea eta Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea. Guztiek nabarmendu zuten "indarrak batuta" egin behar dutela lana, herritarrentzat "lehentasunezko" diren gaiei aurre egiteko.
Lankidetza abendua artean sinatu dute, eta Zubizarretak azaldu duenez, ondoren berrikusiko dute moldatu behar ote den. Zestoako bi ordezkari izango dira administrazio kontseiluan: Mendizabal eta Zuzuarregi. Gonbidatu bezala parte hartuko dute, hau da, aukera izango dute iritzia emateko, baina ez bozkatzeko. Herritarrei dagokienez, hitzarmenak ahalbidetuko du zestoarrek sarbidea izatea Iraurgi Berritzenek eskaintzen dituen zenbait zerbitzuetara.
Iraurgi Berritzen garapen agentziak sustapen ekonomikoaren eta berrikuntzaren arloan jarduten du. Hezkuntza, enpresa, enplegua, merkataritza eta turismoa lantzen ditu agentziak, besteak beste; eta erakunde pribatu eta publikoen arteko zubilana egitea du xede.
Langabezia lehen kezka
Iraurgi Berritzeneko lehendakariak nabarmendu du beraien kezka nagusia langabezia dela, eta horri aurre egiteko lanean jarraituko dutela. Etxeberriak gehitu du horretaratako eta bestelako arazoetarako "beharrezkoa" dela elkarlanean jardutea: "Derrigorra da, alderdiak alderdi, gutxienekoak adostea, alferrik baita bakoitza bere modura ibiltzea". Hori dela-eta, Azpeitiko alkateak adierazi du "herritarrei balioko dien" hitzarmena dela.
Zestoako ordezkariek begi onez ikusi dute hitzarmena, eta Mendizabal nahiz Zuzuarregik nabarmendu dute "herriko eragileak aktibatzen" lana egin behar dutela aurrerantzean. EH Bilduko Zuzuarregiren hitzetan, orain haiengana "hurbildu" behar dute, haien "beharrak" identifikatu, eta "herriarekin lan egin". Aurrera begira, "ilusio handiarekin" sentitzen dela