Jantxik eta Kixkurrak irabazi dute Zestoako Txokoko txapelketa

Eneritz Albizu Lizaso 2016ko uztailaren 1a

30 eta 25 irabazi dute Txokoko txapelketako finala, Zelaia eta Salegiren aurka. Gogorra izan da lehia, eta maila ona eman dute lau kirolariek.

(E. Albizu Lizaso) Joseba Eizagirre Jantxi eta Igor Eizagirre Kixkurra lehengusuek irabazi dute Zestoako Txokoko txapelketa. Urtzi Zelaia eta Aitor Salegiren aurka jokatu dute gaur, ostirala, eta 30 eta 25 irabazi dute Jantxik eta Kixkurrak. Asier Lizaso Ipintza epaileak azaldu duenez, "partida gogorra" izan da, eta lau pilotariek jokatu dute oso ondo. Dena den, Akoako Jantxiren lana nabarmendu du epaileak: "Pilota guztiak altxatu ditu, eta erakustaldi bikaina eman du boleaz tantoan bukatzerakoan". Maiatz erdian hasi zen txapelketa, eta hamabost bikotek parte hartu dute azken asteetan. Hirugarren eta laugarren postuen lehia ere gaur jokatu dute, finalaren aurretik. Joseba Bereziartua Muno eta Lain Azagirrek irabazi dute neurketa, 30 eta 23. Aurkari izan dituzte Liher Azagirre eta Josu Rodriguez. Beraz, Muno eta Lain Azagirrerentzat izan da hirugarren postua, eta Liher Azagirre eta Rodriguezentzat laugarrena. Partiden ondoren, gogoan izan dute pasa den urtean hil zen Iker Perez laguna. Urtero jokatu ohi zuen hark Txokoko txapelketa, eta aurtengoa izan da urteetan bera gabe jokatu duten lehen edizioa. Familiari oparitu dizkiote txapela eta lorak. [flickr_set id="72157670392527996"]

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide