Txokoko pilota txapelketako finala jokatuko dute etzi Zestoan

Eneritz Albizu Lizaso 2016ko ekainaren 29a

Urtzi Zelaia eta Aitor Salegik jokatuko dute Joseba Eizagirre ‘Jantxi’ eta Igor Eizagirre ‘Kixkurra’-ren kontra. Hirugarren eta laugarren postuak ere ostiralean erabakiko dira.

Joan den urteko irudi bat (E. Albizu Lizaso) Txokoko pilota txapelketako finala jokatuko dute ostiralean Zestoan, herriko pilotaleku estaligabean. Urtzi Zelaiak eta Aitor Salegik jokatuko dute azken lehia Joseba Eizagirre Jantxi eta Igor Eizagirre Kixkurra-ren aurka. 18:30ean hasiko dira partidak,  baina lehenik, hirugarren eta laugarren postuak jokatuko dituzte; ondoren, izango da finala. Hirugarren eta laugarren postuetarako, berriz, honako bikoteak sailkatu dira: Joseba Bereziartua Muno eta Lain Azagirre, batetik; eta Liher Azagirre eta Josu Rodriguez, bestetik. Maiatz erdian hasi zen txapelketa, eta hamabost bikotek parte hartu dute aste hauetan. Josu Salegi finalistak esan du lehen aldiz jokatuko duela txapelketako finala. "Bost edo sei aldiz jokatu dut, baina aurten lehen aldiz irten naiz Urtzirekin, eta finalera iritsi gara", azaldu du. Aurkariei begira, esan du haiek izan daitezkeela faboritoak, Kixkurrak irabazi izan duelako lehiaketa behin baino gehiagotan. Dena den, ez dituzte haien neurketa asko ikusi aurten, eta "ezin jakin" zer gerta daitekeen: "Ahalik eta ondoen pasatzera eta jokatzera joango gara". Gustukoa du Salegik Txokoko txapelketa, "herrikoia" delako, eta uda inguruan, "lagunekin izerdi pixka bat ateratzeko aukera ona" delako: "Pilotan ibili izandako jendeak ere aitzakia izaten dugu berriro frontoira bueltatzeko, eta polita da hori". Beste bikoteko Igor Eizagirre Kixkurra-k uste du "gogorra eta zaila" izango dela ostiraleko partida. "Beraiek norgehiagoka guztiak irabazi dituzte, eta guk bat galdu dugu. Beraz, indartsu daudela ematen du", azaldu du. Lehengusuarekin jokatuko du aurtengoan Kixkurrak, lehen aldiz. Halere, hamairugarren aldiz parte hartuko du hark lehian; horietatik lau edo bost alditan irabazi du txapelketa pilotariak. Eizagirreri ere gustatzen zaio Txokoko txapelketa, "berezia" delako eta jende asko biltzen duelako. "Leihoek badute bere xarma, trukoa hartu behar zaie, eta txapelketa desberdina da", esan du. Horrez gain, nabarmendu du parte hartu duten guztiek "harreman oso ona" dutela: "Afaria antolatzen ari gara, denok elkartzeko".

Omenaldi hunkigarria

Finalaren ostean, omenaldia egingo diote joan den urtean hil zen lagun bati. Txokoko txapelketan jokatu ohi zuen, eta "giro aparta" jartzen zuela oroitzen dute. Hori dela-eta, etzi ere gogoan izango dute Zestoan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide