Astelehenean hasiko da Zestoan bosgarren Antzerki Astea

Zestoako Hitza 2016ko eka. 24a, 13:39

Atzo, osteguna, aurkeztu zuten Antzerki Astea, Zestoan. (A.Abarisketa) Zestoako V. Antzerki Astea ospatuko dute herrian datorren astean, ekainaren 27tik uztailaren 2a bitartean. Guztira, bost emanaldi prestatu dituzte, antzerkia sustatzeko asmoz. Zestoako Antzerki Eskolako lehenengo kurtsoko ikasleek inauguratuko dute Antzerki Astea, astelehenean. Autore klasiko ezberdinen obren eszenak antzertuko dituzte, hala nola Sofocles, Lorca, Shakespeare, Woody Allen eta Tennesee Williams omenduko dituzte oholtzan. Aktoreei dagokionez, honako hauek parte hartuko dute saioan: Ainhoa Odriozola, Lourdes Galarraga, Mari Artano, Olatz Aguado eta Ohian Larrañegik. Ekainaren 28tik uztailaren 1era Sweeney antzezlana interpretatuko dute Eromen antzerki taldeko kideek. Hurrengo egunean, uztailaren 2an, Iñaki Ziarruzta aktoreak Bihotz Salataria bakarrizketa antzeztuko du.

Sarrerak salgai, Fatin

Sarrerak salgai daude jada Zestoako Fati tabernan, eta guzti-guztiak saltzea da antolatzaileen helburua. Aurreko urteetan bete zuten helburu hori, eta aurten ere halaxe izatea nahi dute. Antzerki saio bakoitza ikusteko txartelak sei euroko prezioa dauka, eta beti bezala, Zestoako Kultur Etxeko aretoan izango dira antzerki guztiak. Amancay Gaztañaga aritu da Antzerki Asteko zuzendari lanetan; ekoizleak, berriz, Eromen Produkzioak eta Zestoako Udala dira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide