Flandres Cup-eko txapeldunak.
Mutiko gazteak ziren Zestoa futbol taldeko kideak Flandriara bidaiatu zutenean,
1990ean. Flanders Cup lehiaketa irabazi zuten 16 eta 19 urte bitarteko zestoarrek. "Hasieran txantxa bat bezala hasi zena, gure bizitzako esperientzietako bat bihurtu zen", azaldu du Anselmo Astiazaran taldeko entrenatzaileak. Aurten beteko dira 26 urte esperientzia hartatik, eta 25. urteurrena ospatu nahi dute, data igaro aurretik. Beraz, biharko eguna borobildu dute egutegian jokalari ohiek.
"Denboraldi bukaerako sari"?bezala hartu zuten hasieran Flanders Cup txapelketa, entrenatzailearen arabera. Federazioak gonbidatu zuen taldea, eta urte osoa igaro zuten dirua biltzeko ekitaldiak egiten: desfileak, mus txapelketak, futbol lehiaketak...
Dena den, plana guztiz aldatu zitzaien bidaia hasi baino egun batzuk lehenago. San Inazio jaietan, errepidean hil ziren hiru zestoar, Lasao inguruan. Haien artean zen Josemi Alberdi taldekidea. Futbolariak bidaia bertan behera uzteko zorian izan baziren ere, jarrera desberdina hartu zuten: "Lan asko egin zuen Alberdik ere bidaia hori posible izan zedin, eta beragatik eta berarentzat joan ginen Belgikara, irabaztera". Helburu bezala jarri zuten lagunaren gurasoei garaikurra ematea, omenaldi modura, eta hala egin zuten.
Behean, erdian hartuta dutena da Josemi Alberdi.
"Joan eta irabazi" egin zuten. Entrenatzaileak badaki beraien taldea baino hobeak bazirela lehia hartan, baina nabarmendu du inork ez zuela jarri zestoarrek bezainbeste "espiritu eta bihotz". Partidarik galdu gabe iritsi ziren finalera Zestoa futbol taldeko kirolariak, eta 0 eta 1 irabazi zuten finala. Mundu osotik joandako taldeak zirela oroitzen du Astiazaranek: Ameriketako Estatu Batuetakoak, Alemaniakoak, Frantziakoak edo Athletic-eko filiala, esate baterako.
Finala Belgikako talde baten aurka jokatu zuten. "Zestoar onak bezala, espektakulua eman genuen", esan du entrenatzaileak. "Gure buruan gelditu zen finala nahiz lehiaketa guztia. Batik bat, gure jokalaria hil zelako, eta horrek benetan eragin zigulako", adierazi du. Entrenatzaileak argi du beste egoera batean ez zirela gai izango txapelketa irabazteko. Oso presente izan zuten Alberdi egonaldi guztian: "Isiltasun minutuak egin genituen, besoko beltzarekin jokatu genituen partida denak, eta han izan zen bera: gurekin jokatzen zuen".
"Hamabi eguneko abentura" izan zen futbolarientzat uda hartakoa. "Garai hartan leku misteriotsua zen Belgika. Bidaiatzea ez zen gaur egun bezain gauza erraza, eta ez zen nolanahiko ardura 16-19 urteko mutil gazteekin han ibiltzea", azaldu du entrenatzaileak. Astiazaran bera eta zuzendaritzako hiru kide izan ziren kirolariekin.
Garaipenaren bultzada
Zestoara itzuli zirenean, "geldiezinak" zirela sentitu zuten. Hasteko, herrian egin zieten harrera dute buruan: "Musika banda, harrera udaletxean... denetik egin ziguten, eta guk ez genuen espero ezer". "Euforia" artean, ordea, tartea hartu zuten Alberdiren etxera joan, eta gurasoei garaikurra emateko. Haiek izan dute gordeta, gaur arte: Laia dendako erakusleihoan dago orain, egun batzuez.
Jubeniletatik Bigarren Erregional mailara salto egin zuten, eta bi urtean, bi kategoria igo zen Zestoa futbol taldea. "Handik ekarri genuen indarrak eta bultzadak hiru urtean iraun zigun", nabarmendu du Astiazaranek.
Oroitzapenak ezabatu ez daitezen, bihar bilduko dira taldekideak, orduko argazkiak eta bideoak ikusteko. Duela 25 urteko sentipenak partekatuko dituzte, heroi gazteak izan zirenekoak.
Taldeko kideak
Aurrelariak
Asier Mendia.
Erdilariak
Eukeni Alkorta.
Joseba Alkorta.
Jesus Mari Arakistain Txixu.
Aitor Gonzalez.
Mikel Lizaso.
Xabier Ostolaza.
Atzelariak
Izarraitz Barrena.
Aitor Irure Netzer.
Iñaki Izeta.
Jon Lizaso Ipintza.
Juan Mari Nieves.
Gaizka Unanue.
Gorka Unanue.
Jose Mari Zumeta.
Atezainak
Miguel Angel Diaz Mikela.
Unai Gonzalez.
Asier Lizaso Ipintza.
Entrenatzailea
Anselmo Astiazaran.
Zuzendaritzako kideak
Mikel Etxeberria.
Joaquin Olaizola.
Jose Luis Ugarte.