Arroabean lortu dute ikastetxe berria egiteko obren baimena

Ana Abarisketa 2016ko ekainaren 22a

Zestoako Udalak baimendu du Arroabean eskola berria egiten hastea. Sakulupekoak gustura daude aurrerapausoarekin. 2017an bertan egingo dute Eskola Txikien Eguna.

Joan den astean jaso zuten lekukoa Arroabekoek, Ikaztegietan egindako Eskola Txikien Festan. (Sakulupe) Arroabeko Eskola berria egiteko lanen baimena eman dio Zestoako Udalak Eusko Jaurlaritzari. Joan den maiatzaren 31n aztertu zuten Zestoako Hirigintza eta Gobernu batzordean Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako oinarrizko proiektua, eta orduan onartu zuen udalak baimena ematea. Orain, beste hiru hilabete izango ditu Uzcanga arkitektura estudioak —enpresa horren ardura da eraikinaren diseinu lanak egitea— exekuzio proiektua aurkezteko eta ondoren hasiko dute obrak emateko prozesua. Aurrera begira, Zestoako Udalak eta Jaurlaritzako Hezkuntza sailak koordinatuko dituzte lanak. Horrez gain, bada beste aurrerapauso bat: Hezkuntza sailetik Ogasun sailera pasatuko da aurki proiektua. Behin hori eginda, bederatzi hilabeteko epea izango dute obrak adjudikatzeko.

Guraso elkartea gustura

Sakulupe guraso elkarteko ordezkariak gustura daude azken aurrerapausoarekin, baina azpimarratu dute horrelako prozesu batean "gain-gainean" egotea beharrezkoa dela. Horrez gain, "elkarlanaren" beharra ere nabarmendu dute; kasu honetan, Zestoako Udalaren, Arroabeko eskola txikiaren eta guraso elkartearen artean emandako elkarlana, zehazki. 2015eko otsailean Jaurlaritzak egindako aurreikuspenen arabera, 2017aren bukaeran izango lituzkete lanak amaituta Arroabean. Halere, sei hilabeteko atzerapena daramate momentuz. Jesus Albizu Arroabeko eskolako zuzendariak uste du, "dena ondo badoa" datorren urteko udan hasiko dituztela eskola berriko obrak, eta 2018ko ikasturtean egongo dela erabilgarri eraikina. "Dena ondo doala sentitzen dut", dio zuzendariak. Hark gehitu duenez, sekulako lana ari dira egiten Sakulupe guraso elkarteko kideak.

Eskola txikien festa, etxean

Arroabeko eskolakoentzat berebiziko garrantzia izango du datorren ikasturteak. Izan ere, 2017ko ekainaren 11n auzoan bertan ospatuko dute Gipuzkoako Eskola Txikien Eguna, eta dagoeneko hasi dira hori prestatzen bertako ikasle, irakasle, guraso eta auzotar guztiak. Bestalde, guraso elkartekoek gogorarazi dute jai hori antolatzeko ere auzotarren eta herritarren laguntza beharko dutela aurrerantzean. Sakulupekoek espero dute ordurako hasita egotea eskola berriko lanak. Datorren udaberriko jaiaren harira, eta Herri Hezitzailearen proiektua aintzat hartuta, Eskola Txikien Festarako logo lehiaketa parte-hartzailea abiatu dute Arroabean, eta denek izan dute jairako logoa aurkezteko aukera. Hautaketan ikasle, irakasle, guraso eta auzoko gazte eta jubilatuen ordezkariak izan dira epaimahaia osatu dutenak. Guztira, 43 logo aurkeztu dira lehiaketara, eta eskolako beiratean itsatsita egon dira. Momentuz sei gustukoenak adostu dituzte. Opor ostean, irailean, ipiniko dituzte eskola txikien jaira begirako azpitaldeak martxan eta orokorrean auzoko haurren parte-hartzea sustatu nahi dute prozesu horri Herri Hezitzailearen filosofia txertatzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide