65 lagun inguruk hartu du parte gaur goizean Aiako mendi lasterketan, 15 kilometroko ibilbidea osatzeko gogoz. Gizonezkoetan Ioritz Conde elgoibartarrak hasieratik bukaeraraino agindu du. Irteeratik buruan jarri da, eta minutu pasatxoko aldearekin irabazi du, 01:14:38ko denborarekin. Bigarren postuan Egoitz Etxabe zestoarra sailkatu da, eta haren atzetik, hirugarren postuan, Mikel Varona donostiarra.
Emakumezkoetan, ordea, gorabeherak izan dira garailea erabakitzeko orduan. Helmuga zeharkatzen lehena Zarauzko bizilagun Nerea Amilibia aiarra izan da, baina deskalifikatu egin du lasterketako epaileak, beste bost lagunekin batera, zehaztutako ibilbidetik desbideratu eta laburbide bat hartzeagatik. Hori horrela, helmugatik pasatzen bigarren Monica Grajera alkizarrarentzat izan da garailearen txapela, 01:32:14ko denborarekin. Bigarrena Arantxa Atxukarro berastegiarra izan da, eta hirugarrena Helene Arzuaga laudiotarra.
Aiako lehen gizonezko sailkatua Hodei Alkorta izan da, sailkapen orokorrean bederatzigarrena. Emakumezkoetan ez dute saririk eman.
Sailkapena ikusgai dago Kirolprobak.com atarian.
[flickr_set id="72157667009460593"]