Hondakinak edukiontzi bidez biltzea erabaki du Zestoako udalbatzak

Ana Abarisketa 2016ko maiatzaren 31

EAJren aldeko botoei esker onartu da bosgarren edukiontzi sistema jartzea. EH Bilduk kontra bozkatu zuen, eta herri galdeketa egitea eskatu; jeltzaleek ez zuten hori onartu.EAJren aldeko botoekin onartu zen joan den osteguneko ohiko udalbatzarrean bosg...

EAJren aldeko botoei esker onartu da bosgarren edukiontzi sistema jartzea. EH Bilduk kontra bozkatu zuen, eta herri galdeketa egitea eskatu; jeltzaleek ez zuten hori onartu.

EAJren aldeko botoekin onartu zen joan den osteguneko ohiko udalbatzarrean bosgarren edukiontzi bidezko zabor bilketa sistema jartzea Zestoan, eta azken bi urteetan indarrean egon den sistema mistoa kentzea. EH Bilduk kontra bozkatu zuen, eta gogor salatu zuen jeltzaleek hartutako erabakia. Haien ustez, «ondo» funtzionatzen duen bilketa sistema dute herrian, eta horri esker birziklatze tasa handiak lortu dituzte. «Ez dugu ulertzen zergatik aldatu behar den sistema, daukaguna ona bada». Azken datuen arabera, urtebeteko batez besteko birziklatze tasa %74,5ekoa da Zestoan.

Josetxo Mendizabal alkatearentzat bosgarren edukiontzi bidezko sistema jartzea ez da «inondik inora» sistema aldatzea, «sistemari berari onura batzuk gehitzea» baizik. Horrez gain, «erosoagoa» ere badela uste du hark.

60 bat herritar bertaratu ziren udalbatzarrera eta tentsio uneak bizi izan ziren. Gehientsuenak orain arteko sistema mantentzearen aldekoak ziren, eta hala azaldu zioten Udal Gobernuari.

2013ko abenduan adostu zuten EH Bilduk eta EAJk sistema komunitarioa eta ekarpen guneak jartzea Zestoan. Urte hartako udaberrian sortu zuten Hondakinen Mahaia, gaia lantzeko eta eztabaidatzeko, eta, azkenean, 2014ko ekainean jarri zen martxan sistema berria, %70eko birziklatze tasetara iristeko asmoz. Zestoa kaskoan, Iraetan eta Arroabean ezarri zuten sistema hori, eta, ordutik, egun bakoitzean frakzio jakin bat jaso dute, pixoihalekin batera. Landa eremuetan eta gainontzeko auzoetan, berriz, ekarpen guneak izan dituzte gaikako bilketa egiteko. Hala, eta sistema horri esker, %27ko birziklatze tasa izatetik %77 izatera iritsi dira herrian.

Sistema mistoa jartzea adostu zenean, oposizioan zeuden jeltzaleak, eta EH Bilduko Leire Etxeberria zen alkatea orduan. «Gure helburua bosgarren edukiontzia jartzea zen, baina gutxiengoan geunden eta saiatu ginen kalitate handiena zuen sistema aukeratzen», esan zuen Mendizabalek udalbatzar aretoan. Zentzu horretan aitortu zuen birziklatze tasari dagokionez jarritako helburuak «bete» direla azken bi urteetan.

Hark esan zuenez, EAJren 2015eko hauteskunde programako puntuetako bat zen bosgarren edukiontzia jartzea: «Aurrerapauso bezala jarri genuen herritarrentzat erosoagoa izango zen sistema bat jartzea, gaikako bilketa mantentzea eta frakzio guztiak bereizita jasotzea, ahal bada birziklatze tasa igotzea eta ahal den neurrian sistema merkeagoa izatea».

EAJk gaia aztertu ostean erabaki du sistema aldatzea. «Etxean orain arte bezala sailkatzen jarraitzen badugu, ez dugu edukiontzietara aldatutakoan gaurko portzentajeak mantenduko diren beldurrik». Alkateak azaldu zuenez, edukiontzien sistema bidez «emaitza arrakastatsuak» lor daitezke, eta horren adibide gisa jarri zituen Arrasate, Zegama edo Idiazabal.

Koalizio abertzalearen iritzia bestelakoa da. Mikel Arregi Ertxin EH Bilduko bozeramailearen iritziz, «eredugarria» izan da azken bi urteetan Zestoan izandako hondakinen kudeaketa: «Denok dakigu hondakinen kontua erabat politizatu dela herri honetan zoritxarrez, gerra politikoa bihurtu da. Zestoan behintzat hori saihestu egin zen bere garaian, eta adostasunak topatu genituen».

Hark esan zuenez, Urola Erdiko Mankomunitatea osatzen duten udalerrien artean Zestoako sistema mistoa da bilketa tasa altuenak dituena, baita hondakinen kalitaterik onena duena ere. Mankomunitatea osatzen duten udalerriak dira: Azpeitia, Azkoitia, Errezil, Zestoa, Beizama, Aizarnazabal eta Bidania-Goiatz.

Gastuak hizpide

Bosgarren edukiontziak sor ditzakeen gastuen inguruan ere ez ziren ados jarri bi taldeak. Zera esan zuen Mendizabalek: «Txosten teknikoen arabera, sistema aldaketak kostuak jaistea ekarriko du. Inbertsioak barne, gutxi gorabehera, 30.000 euro jaistea egongo litzateke lehen urtean; eta ondorengo urteetan gehiago, beti ere, birziklatze tasa mantentzen bada». Birziklatze tasak behera eginez gero, kostuak gora egingo luke. Josetxo Mendizabalek esan zuenez, Azpeitiko Udalak ere bosgarren edukiontzi sistema jarriko du, eta Azkoitia batuko zaie epe motzera: «Horrek ere ekar dezake kostuen beste jaitsiera bat».

EH Bilduren iritzia bestelakoa da, izan ere, birziklatze tasak behera egiteko arriskua handia da haientzat. Zabortegira isuritako tona bakoitzeko 135 euroko penalizazioa du orain udalak, eta 2017an 207 eurora igoko da. «Kasurik onenean, bosgarren edukiontzi bidez %70eko birziklatze tasa lortzen bada, %5eko galerak isun handia ekarriko dio Zestoari», esan zuen Arregik. Birziklapen tasak behera egitearen adibide gisa jarri zuen hark Azkoitia: «Azkoitian sistema aldatu izanak 100.000 euroko gainkostua ekarri dio hango udalari. Datu objektiboa da hori». Hori dela eta, sistema aldaketa ekonomikoki «kaltegarria» izango dela uste du koalizio abertzaleak. Gaineratu zutenez, Azpeitian eta Zestoan 105 edukiontzi jartzeko 251.000 euroko inbertsioa egin beharko dute bi udalen artean.

Hain justu, Azpeitiko Udalarekin sistema bateratua izatea ere izan zuen hizpide Arregik. «Mankomunitatetik argi esan zaigu, Azpeitiak sistema aldatzen badu ere, Zestoari orain arteko sistema mantentzeak ez diola eragiten ekonomikoki. Egia da, Zestoan bosgarren edukiontzi sistema jartzeak Azpeitiari mesede egiten diola, baina kontua ez da ondo egiten ari denak aldatu behar izatea, sistema aldatu behar duena gaizki egiten ari dena da. Zentzu horretan, Zestoako EH Bilduk Azpeitikoa kritikatu izan du. Guri berdin zaigu Azpeitiko Udala EH Bilduk zuzendua egotea; hondakinen inguruan udal horren kudeaketa oso kritikagarria da».

Herri galdeketa eskatuz

Arregik atez atekoa nahiz sistema mistoa defendatu zituen. Gipuzkoako 22 udalerritan ezarri dira bilketa modu horiek, eta herri horietan guztietan %70etik gorako birziklatze tasak izan dituzte. Hark zioenez, horietan denetan sistema aldatzen aurrena Azkoitia izan zen: «20 eta 30 puntu arteko jaitsiera izan zuen birziklatze tasak han». Bosgarren edukiontzi sistema, aldiz, herrialdeko 25 udalerrik dute, eta horien batez besteko birziklatze tasa «%44-45 artekoa da».

Horren aurrean, eta udalbatzako kideen artean adostasunik ez zela ikusita, herritarrei hitza eman, eta herri galdeketa egitea eskatu zuen EH Bilduk: «Orain harteko bilketa sistema adostua izan da, beraz, hori hautsi aurretik herritarrei galdetzeko are eta arrazoi gehiago daudela uste dugu». EAJk ez zuen mozioa onartu, eta sei zinegotzi jeltzaleen botoekin onartu zuten edukiontzi bidezko sistema ezartzea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide