Pablo Ibarrek 22 urte daramatza preso AEBetan, horietatik hamabost heriotzaren korridorean. Kasuaren azken aldaketen aurrean, «gustura baina kezkatuta» daude senideak.
Astelehenean bildu ziren Zestoako udal ordezkariak Kandido Ibarrekin, Pablo Ibarren aitarekin. Azken horrek 22 urte daramatza preso Ameriketako Estatu Batuetan, horietatik hamabost heriotzaren korridorean. Baina Ibarrek beti aldarrikatu du errugabea dela.Kandido Ibar Zestoako Ibañarrieta auzoan jaio zen, eta hamarkadak daramatza Ameriketako Estatu Batuetan bizitzen. Josetxo Mendizabal Zestoako alkateak azaldu duenez, «gertukoen arteko bilera izan zen» astelehenekoa: «Aurrez elkar ezagutzen ez bagenuen ere, lotura badugu». Mendizabalez gain, bileran parte hartu zuten Montse Atxega eta Karmelo Mendizabal zinegotziek.
Ordubete inguru pasatu zuten bilduta, eta Pablo Ibarren kasuak izandako azken aldaketen berri eman zien haren aitak udal ordezkariei. Hain zuzen, joan den astean jakinarazi zuen epaileak berriz epaituko dutela presoa. Otsailean baliogabetu zuen Floridako Auzitegi Gorenak Ibarren heriotza zigorra. Fiskaltzak baliogabetzearen kontrako helegitea jarri zuen, baina Auzitegi Gorenak ez du hori onartu. Beraz, hasieratik hasiko dute Pablo Ibarren kontrako epaiketa.
Azken albisteak «positiboak» badira ere, esperantza handirik ez dutela eduki nahi adierazi zien Ibarrek udal ordezkariei. Eta, era berean, «gustura baina kezkatuta» daudela jakinarazi zien; izan ere, datorren astean heriotzaren korridoretik atera eta espetxe arrunt batera eramango dute Ibar. «Senideak kezkatuta daude kartzela berrian gainerako presoek Ibarrekin izan dezaketen jarrerarekin; beraz, hari isolatutako ziega jartzea eskatu dute», dio alkateak.
Inork ahantz ez dezan
Kandido Ibarrek Zestoako udaletxean egindako bilerak helburu jakina zuen: Pablo Ibarren gaia gizarteratzeko laguntza eskatzea. Horretarako, hamaika eragile, agintari eta norbanakorekin biltzen ari da egunotan Ibar. Printzipioz, ekaineko bigarren astera arte egongo da Euskal Herrian.
Pablo Ibarren kasua azaltzeko eta informazioa biltzeko, webgunea ere sortu zuten senideek: Pabloibar.com. Horrez gain, diru ekarpenak ere egin daitezke orrian bertan.