Zestoa eta Aia Herriarteko pilota txapelketatik kanpo gelditu dira

Ana Abarisketa 2016ko maiatzaren 20a

Joan den asteburuan jokatu zituzten itzuliko partidak Zestoak eta Aiak, eta ordutik lehiatik kanpo daude.Gaur, ostirala, eta, bihar, larunbata jokatuko dute Azpeitiak eta Azkoitiak hurrenez hurren.

Azpeitiko Ilunpe taldeko pilotariek gaur jokatuko dute Bergararen kontra. (Ilunpe) Zestoa eta Aia Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketatik kanpo gelditu dira. Joan den asteburuan jokatu zituzten bi taldeek lehen faseko bigarren partidak, eta joan-etorriko emaitzak kontuan hartuta, agur esan die txapelketari. Zestoak hiru partidak galdu zituen itzulikoan, Astasuren kontra: kadeteak 9 eta 22 galdu zuten, eta jubenilek eta nagusiek 20 eta 22. Joanekoan ere hiru neurketak galdu zituen: kadeteek 22 eta 6 galdu zuten; jubenilek 22 eta 7; eta nagusiek 22 eta 8. Aiak ere ez du lortu Arrasate gailentzea, nahiz eta joan den asteburuan 2 eta 1 irabazi etxean Debagoienakoei. Honakoak izan ziren emaitzak: kadeteek 22 eta 20 irabazi zuten eta jubenilek 22 eta 11. Nagusiek, aldiz, 8 eta 22 galdu. Arrasaten jokatutako lehen hiru partidak galdu zituenez Aiak txapelketatik kanpo gelditu da. Orain bi aste honakoak izan ziren emaitzak: kadeteek 22 eta 17 galdu zuten, jubenilek 22 eta 18, eta nagusiek 22 eta 2.

Beste bien txanda

Asteburu honetan hasiko dira final zortzirenak, eta kanporaketa fase horretan hasiko dira jokatzen Azkoitia eta Azpeitia. Azken horiek gaur bertan neurtuko dira joaneko partidan, 22:00etatik aurrera, Frontoi Txiki pilotalekuan. Bergara izango dute aurrez aurre. Berez, norgehiagokak Bergaran hasi behar zuen, zozketa bidez hala egokitu baitzen. Aste honetan, ordea, Bergara Udal pilotalekua ez dago erabilgarri eta horrela jokatzea adostu dute. Azkoitiak, berriz, Aiak kaleratu berri duen Arrasate izango du aurrez aurre final zortzirenetan. Joaneko partida Arrasateko pilotalekuan jokatuko dute bihar, 19:00etan, eta itzulikoa, berriz, Gurean izango da hilaren 27an, ostirala, 22:00etan.

Txokoko pilota txapelketa aurrera doa Zestoan

Joan den astelehenean hasi zen Zestoan Txokoko Txapelketa. Hamabost bikotek osatzen dute aurtengo txapelketa, hiru multzotan banatuta. Multzo bakoitzetik lehen biak pasatu dira hurrengo fasera; hiru multzoetatik hirugarren sailkatuen artean, berriz, bi onenak. Lehen kanporaketa faseko partidak ekainaren 3ra arte jokatuko dira, ia egunero. Bigarren fasean, final zortzirena, bi multzo osatuko dira, eta horietako bakoitzean lau bikote egongo dira. Atal hori beste bi astez jokatuko da. Finalerdietan lau bikote lehiatuko dira eta, eguraldiak laguntzen badu, ekainaren 24an jokatuko da final handia.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide