Zestoak eta Aiak zaila dute Herriarteko Pilota Txapelketaren lehen fasean aurrera egitea

Urola Kostako Hitza 2016ko maiatzaren 9a

Zestoak eta Aiak lehen faseko joaneko hiru partidetatik hiru galdu zituzten Asteasuren eta Arrasateren aurka, hurrenez hurren. Ostiral honetan jokatuko dituzte itzulerako partidak, etxean.

[caption id="attachment_298861" align="aligncenter" width="300"]MG_0089 (Danbolin.eus)[/caption] Joan den asteburuan hasi zen Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa, eta Zestoak eta Aiak lehen faseko joaneko hiru partidetatik hiru galdu zituzten. Hori dela-eta, zaila dute txapelketan aurrera egitea. Zestoarrek Asteasun jokatu zituzten neurketak, eta alde nabarmenarekin galdu zituzten partida guztiak: kadeteek 22 eta 6 galdu zuten; jubenilek 22 eta 7; eta nagusiek 22 eta 8. Itzulerako partidak maiatzaren 13an jokatuko dituzte, Zestoako pilotalekuan, 19:30ean hasita. Aiako taldeak ere etxetik kanpo, Arrasaten, jokatu zituen neurketak. Hiru partidak galdu egin zituzten, nahiz eta aurreneko bietan lehia estua izan zen. Kadeteek 22 eta 17 egin zuten, jubenilek 22 eta 18, eta nagusiek 22 eta 2. Lehen faseko itzulerako partida maiatzaren 13an izango da, Aiako pilotalekuan. Azkoitiko eta Azpeitiko taldeek ere hartuko dute parte Herriarteko Txapelketan. Final zortzirenetan sartuko dira lehiara, eta maiatzaren 22an eta 29an jokatuko dituzte partidak. Pala txapelketan ez da eskualdeko ordezkaririk izango; zesta-puntako ligaxkan, berriz, Zumaiak jokatuko du. Lau partida jokatuko dituzte zumaiarrek: Donostiaren aurka, maiatzaren 15ean; Mutrikuren kontra, maiatzaren 29an; ekainaren 5ean, berriro Mutrikurekin eta hilaren 19an, Donostiarekin. Joan-etorrikoak dira partidak, Mutrikuren kontra etxean jokatuko dute lehen itzulian, eta alderantziz Donostiaren aurka. Finala, uztailaren 2an jokatuko da Zumaiako Aitzuri frontoi berrian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide