[caption id="attachment_298657" align="aligncenter" width="300"]

Bidegorriaren Lasaoko egungo lotunea.[/caption]
Lasaoko Izarraitzpe Kultur Elkartea sinadurak jasotzen hasi da, Lasaon bertan bidegorriaren lotura trenbide ondoko tuneletik egiteko eskatuz. Aste honetan zabaldu dute horretarako orrialdea
Change.org atarian, eta 544 sinadura bildu ditute orain arte.
Azpeitiko eta Zestoako udalek martxoan argitaratu zuten gutunean eskaerarekin bat egin dute Lasaoko auzotarrek. Gipuzkoako Foru Aldundiak Azpeititik eta Zestoatik Lasaora iristen diren bidegorrien arteko lotura errepide gainetik egiteko asmoa duela zioten bi udalek gutun hartan, erabaki horrek ekar ditzaken arriskuak nabarmenduz eta lotunea trenbidearen ondoko tuneletik egiteko eskatuz.
Bidegorriko erabiltzailtzaileentzat ez ezik, Lasaoko biztanleentzat ere irtenbiderik egokiena tunelarena dela diote Izarraitzpe elkartekoek. "Herritarron eskaerak orain dela 5 edo 6 urte hasi ziren, trenbide ondoan auzolanean egokitzapen lana egiteko asmoa agertu eta modu seguruan auzoaren bi aldeak errepide azpitik lotzeko nahiarekin. Luzaroan egon gara erantzun baten zain eta baimenik gabe ezertxo ere ezin zitekela egin esaten ziguten. Azken erantzuna asko luzatu da denboran eta, beti bezala, ezezkoa izan da", azaldu dute.
Zestoako bide berdea ireki zutenetik arazoa "areagotu" egin dela nabarmendu dute Izarraitzpekoek, "bidegorriaren erabiltzaile kopurua asko handitu" delako. Gainera, azaldu dute Euskotreneko langileek trenbide ondoko sarrera "behin eta berriz itxi" dutela, "trenbide ondotik pasatzea ezinezkoa bihurtuz, nahiz eta astegunetan eta neguan ez den trenik ibiltzen".
Bidegorriak zebrabide batekin lotu nahi dituzten errepide zatiaren aurretik abiadura 50 kilometrora mugatzeko eta oinezkoen eta bizikletazaleen presentziaz ohartarazteko arrisku seinaleak jarri izana "eskuak garbitzeko" besterik ez dela uste dute Lasaoko elkartekoek. "Bide horretan egunero pasatzen garen herritarrok ikusi dugu hori ez duela inork betetzen eta kezkatuta gaude", jakinarazi dute.
Interneten jasotako sinadurak Eusko Trenbideetako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko arduradunei bideratu nahi dizkiete, "zerbait larria gertatu aurretik arazo hau behingoz konpontzeko" eskaerarekin.