[caption id="attachment_297331" align="aligncenter" width="300"]

Mikel Mate, Mari Jose Arregi eta Sonia Vazquez. (Ana Abarisketa)[/caption]
XII. Europako Musika Eskolen Jaialdia ospatuko dute datorren astean, asteazkenetik larunbatera. Donostia 2016 Kultur Hiriburutzaren egitarauaren barruan kokatuta dago egitasmoa, eta Europako hainbat herrialdetako 4.500 musikari inguruk parte hartuko dute bertan. Europako musikari horiei, Euskal Herriko beste horrenbeste gehitu behar zaizkie. Izan ere, 9.000 musikarik batera joko dute gaur zortzi Donostiako Illunben egingo den inaugurazio ekitaldian.
Egoitza nagusia Donostia izango bada ere, Euskal Herri osora zabalduko dute musika eskolen festa. "60 udalerrik parte hartuko dute jaialdian, eta denen esfortzuari esker ari gara hau antolatzen", esan zuen atzo Mikel Mate Donostiako Musika Eskolako kudeatzaileak Azkoitian.
Materekin batera parte hartu zuten agerraldian Mari Jose Arregi Azkoitiko Bizkargi Musika eta Dantza Eskolako zuzendariak eta Sonia Vazquez Azkoitiko Kultura zinegotziak. Duela sei urte hasi ziren jaialdia antolatzeko ideia gorpuzten, eta ez dira gelditu ordutik.
Musika eskolen arteko harremanak sendotzea eta elkarlana sustatzea dira jaialdiaren helburu nagusiak, Mikel Materen iritziz: "Musikariak gara, eta musika egiten azaleratuko ditugu harreman horiek guztiak".
150 ume Azkoitian
Mari Jose Arregik eman zuen Azkoitiko ekitaldien berri. Azaldu zuenez, 140 eta 150 ikasle inguru etorriko dira herrira, bi egunetan banatuta. "Bertako ikasleak eta Europako musikariak elkarren artean nahastea nahi dugu, denen artean musika sor dezaten", gehitu zuen Arregik.
Trikitilariek, dantzariek, abeslariek eta musikariek parte hartuko dute Balda plazako festan. Ikastetxeetara ere gonbidapenak pasatu dituzte jada, herritarrak festaren enbor izatea lortu nahi dute eta.
EGITARAUA. Emusik Urola Kostan
Azkoitia
Maiatzak 6, ostirala.
18:00. Harrera udaletxean, eta kalejira herriko musikariekin.
18:45. Alemaniako bi talde eta Kataluniakoen emanaldia, Azkoitiko Bizkargi Musika eta Dantza Eskolako kideekin batera. Aurreneko saioan klarinetea eta saxoa joko dituzte; bigarrengoan, biolin taldea arituko da.
Maiatzak 7, larunbata.
11:00. Harrera udaletxean. Ondoren, kalejira herriko musikariekin.
11:45. Alemaniako bi talderen emanaldia; biolin taldea eta orkestra, Balda plazan.
Azpeitia
Maiatzak 6, ostirala.
16:30. Harrera musikariei.
17:30. Harrera, udaletxean.
18:30. Kontzertuak plazan (eguraldi txarra bada, Sanagustin kulturgunean): Finlandiako konboa, abesbatzarekin eta Kataluniako orkestra, bakarlariarekin.
Maiatzak 7, larunbata.
10:00. Harrera musikariei. Ondoren, harrera udaletxean.
11:o0.Kontzertuak, plazan (eguraldi txarra eginez gero, Sanagustin kulturgunean): Finlandiako gitarra taldea eta Hungariako bi talde; perkusiozko bat eta haizezkoa, bestea.
Orio
Maiatzak 6, ostirala.
17:30. Luxenburgo, Eslovakia, Espainia eta Bulgariako taldeek kontzertua emango dute plazan, Danbolin Musika Eskolakoekin batera.
Zarautz
Maiatzak 6, ostirala.
17:00. Kalejira.
17:30. Kontzertua Ikastolako atarian: Holanda eta Alemania eta Liechtensteineko taldeak.
18:30. San Pelaio Elizan: Alemaniako taldeen emanaldia.
Zestoa
Maiatzak 6, ostirala.
18:30. Finlandia eta Hungariako taldeen emanaldia, Ertxiña Musika Eskolakoekin batera, Laranjadi plazan.
Maiatzak 7, larunbata.
12:00. Katalunia eta Zestoako musika taldeen emanaldia izango da.