[caption id="attachment_297092" align="aligncenter" width="300"]

Probako parte-hartzaileak, partaideak eta babesleak. (E. Albizu Lizaso)[/caption]
Azpeitiko XVII. Rallysprinta jokatuko dute larunbatean, eta eskualdeko dozena bat gidarik parte hartuko dute. Berritasun gisa, ibilbidea moldatu dute aurtengo ediziorako: bidearen erdian, Aizanara desbideratuko dute proba, hamasei kilometroko zati bat erantsita. Guztira, 60 autok parte hartuko dute. 14:30ean irtengo da lehen parte-hartzailea, Errezil bidetik. Hiru manga izango ditu probak, eta jarraian egingo dituzte. Sari-banaketa 20:00etan izango da, Sanjuandegiko epaitegiaren ondoan. Goizez, 10:00etatik aurrera plaza horretan egongo dira gidari eta autoak, berifikazio administrazio eta teknikoak egiteko.
Ikusleek bost guneetan izango dute autoak lagatzeko aukera: Landetako poligonoan, Errezil bideko Irurena enpresa inguruan, Bentaberritik Loidira, Erdoiztan eta Aizarnan. Internetez ere jarriko dute aukera proba jarraitzeko,
fotomotor.es webgunean. Bestalde, Euskadi Irratian ere haren berri emango dute.
Urtero legez, antolatzaileek eskatu dute txukun mantentzeko inguruak, eta zaborrik ez botatzeko mendian. Udal ordezkariek ere eskaera bera egin dute.
Eskualdeko hainbat gidarik parte hartuko dute. Esate baterako, Azpeitiko Iñaki Alberdi (Ford Escort MK-II), Urtzi Oteiza (Renault Clio Sport), Iban Ibarreta (BMW M3), Ibon Otaegi (BMW M3), Jokin Aiertza (BMW 325i), Iokin Agirre (BMW M3) eta Jon Arregi (Abarth Punto EVO). Errezilgo Gurutz Agirretxe (BMW M3) izango da lasterketan; baita Beizamako Ekain Otaegi (Ford Escort RS2000) eta Zestoako Aritz Iriondo (Opel Corsa OPC) ere. Faboritoen artean daude Aingeru Castro (BMW M3), Enrique Barrenetxea (Mitsubishi EVO IX) eta Iban Tarcisio (Mitsubishi EVO IX), besteak beste.
Ibilbide polita eta bizkorra
Iñaki Alberdi gidari azpeitiarrak esan du Aizarnako zatia gehitzea aldaketa egokia izan dela. Izan ere, pusketa "polita eta bizkorra" dela uste du, "denetik" duena. "Beheko aldean, agian, bentaja ateratzeko aukera izango dute auto onek. Handik gora, ordea, ez dago fidatzerik, edozer gerta daiteke", azaldu du Alberdik.
Azpeitiko eta Zestoako udal ordezkariek eskerrak eman dizkiete antolatzaileei. "Afizio handiko lasterketa da, eta jendea erakartzen du herrira, eskerrak ematea soilik gelditzen zaigu", adierazi du Estitxu Elduaien Azpeitiko Udaleko Kirol zinegotziak.
Josetxo Mendizabal Zestoako alkateak gehitu du "begi onez" ikusi zutela lasterketaren zati bat herrira eramatea, eta aurrerantzean ere saiatuko direla "proba laguntzen", larunbateko esperientzia ondo irteten bada. "Zestoako baserrietan ibili gara baserritarrei abisu ematen, eta erantzun ona jaso dugu", nabarmendu du.
Javier Pastor Gulfeko ordezkariak esan du "pozik" daudela automobilismoaren sehaskan, Azpeitian, halako proba bat antolatzeko aukerarekin. Lagun-artea eskuderia talde "serioa" dela aipatu du, eta haiekin elkarlanean aritzea "ohorea" dela.