Haritz Garmendia, Saioa Lizarralde, Lurdes Alkorta, Lierni Aranburu, Irati Aranguren eta Juan Ramon Azpitarte 'Imuntzo'. (E. Albizu Lizaso)
Ehun trikitilaritik gora bilduko dira bihar, Azpeitiko kaleetan, soinu eta panderoekin. 19:00etatik hasi, eta gau guztian zehar, trikitiaren hiriburu bihurtuko da Azpeitia. Trikigiro jaialdia antolatu dute Urola Erdiko trikitilariek, eta beso zein hankak nekatu bitartean, festa luzatzeko asmoa dute. Kalejira egingo dute, lehendabizi, han eta hemen. 21:00etan afaria izango da Sanagustin kulturgunean, eta agortuta daude sarrera guztiak. Txartelak erreserbatu dituztenek bihar bertan jaso ditzakete 18:45etik aurrera. 23:00etatik aurrera, kulturgunea irekita egongo da guztientzat, Bide Batez erromeriaz gozatzeko.
Urola Erdiko musikariek argi dute trikitia "instrumentu bat baino gehiago" dela, eta mezu hori helarazi nahi diete ikasleei zein herritarrei aurrerantzean.
Hori dela-eta, biharko jaialdia ez da izango festa isolatu bat. Izan ere, bailarako hamabost lagun inguruk osatutako trikitilari talde bat biltzen hasi da, halako egitasmoak sustatzeko. "Ikusten dugu inguru hauetan lotura estua dugula trikitiarekin; trikitilari eta dantzari", azaldu du Haritz Garmendia azpeitiarrak. Uste du jakin behar dela "altxor hori apreziatzen", eta horretarako egingo dute lana. "Edonora joanda ere, hemengo trikitilariak miresten dituzte, eta horretaz konturatu behar dugu", dio.
"Abiapuntua" izango da, beraz, Trikigiro jaialdia. "Hau ez da festa bat bakarrik, Azpeitian kulturaren inguruan dinamika handia dago, eta trikitilariok ere gure lekua nahi dugu izan", nabarmendu du.
Musikariak elkartuz
Trikitilari bakoitza "bere erara" ibili izan da orain artean, Lierni Aranbururen hitzetan. Horregatik, halako jaialdi eta topaketekin nahi dute hainbat belaunalditako musikariak elkar ezagutzea. "10 urteko trikitilarietatik hasi, eta hortik gorako guztiak batera izango gara bihar", azaldu du Saioa Lizarraldek. "Trikitilari sentimendua irakasten eta transmititzen jarraitu behar dugu, apurka-apurka, eta lan horretan, modu ona iruditu zitzaigun guztiak Azpeitian biltzea", azaldu du Garmendiak.
Taldeko kideek ikusi dute ikasle asko dituzten arren, ondoren, haiei kosta egiten zaiela kalera irtetea edo mahai inguruan jotzea. "Trikitilari zein dantzari ugari daude, baina askori kosta egiten zaie, ikasi ostean, plazara irtetea", esan du Juan Ramon Azpitarte Imuntzok. "Izotz hori puskatzea" ere helburu dute. "Erakutsi nahi dugu soinu eta panderoarekin mundu zabala dagoela, ez da klasera joatea bakarrik", nabarmendu du Lizarraldek.
Hastapenetan, Sanagustin kulturgunera jo dute laguntza eske, eta "ateak irekita" aurkitu dituztela azaldu dute guztiek. "Harrera ona izan dugu, eta aurrera egitera animatu gaituzte kulturgunetik bertatik", esan du Lurdes Alkorta trikitilariak. Ez dute, horrenbestez, aitzakiarik lanean jarraitzeko.
Erromeria berreskuratzen
Erromeriak eta haien giroa balioan jartzea garrantzitsua da Urola Erdiko trikitilarientzat. Trikitiaren gunea da plaza, eta "gero eta gutxiago" ikusten dira halako berbenak. "Gutxitan izaten dira, baina arrakasta izaten dute antolatzen direnean", esan du Garmendiak. Adibide gisa jarri du Sanjuandegiko jaietan jartzen duten erromeria.
Erromeriak berreskuratzeko bide horretan, "beharrezkotzat" jotzen dute trikitilari eta dantzariak "elkar ezagutzea" eta guztien arteko harremanak jostea. Abestiz abesti jarraituko dute, iraganeko eta etorkizuneko trikiti doinuak lotzen, plazan eta oholtzan.