Webgune berria du udalaren Gazteria sailak, eta herritarrengana zuzenago iristea dute helburu. Udaleku irekietan eta kirol udalekuetan izena eman daiteke hilaren 22a arte.
Azken bi urtean indartu egin dituzte Zestoako haur eta gaztetxoentzat udalak eskaintzen dituen zerbitzuak, eta horri eustea izango du xede Gazteria sailak hemendik aurrera. 2013ko aurrekontu parte-hartzaileetan, bailarako udalerri txikienentzat —Beizama, Errezil eta Zestoa— egitasmo bat onartu zuten herritarrek: Gazte eta haurtzaroaren parte-hartze eta ekimenak bultzatzeko programa. Horri jarraiki, lanketa egin du Zestoako Udalak.Leire Otaegi Gazteria saileko dinamizatzaileak azaldu duenez, 2014an jaso zuten laguntza hori, eta «gakoa» izan zen zerbitzua hobetzeko. Ondoren, udalak ere diru gehiago bideratu du esparru horretara, prozesua jarraitzeko.
Azken bi urteetako aldaketen artean dago: Gaztelekua bi egun irekita izatetik, hiru egunez irekitzera igaro direla; 12 urtetik gorakoentzat zabaldu beharrean, 10 eta 11 urtekoentzat ere moldatu dutela zerbitzua; eta auzoetan ere lanketa berezia ari direla egiten. Aizarnan, Arroabean eta Iraetan, Barbantxo aisialdi taldeak antolatzen ditu tailerrak hilean bi aldiz, udalak emandako diru laguntza baten bitartez. Horrez gain, beste diru partida bat bideratu da auzoetara, haurren gurasoek erabaki dezaten gazteriaren inguruan zer ekintza egin daitezkeen. «Umeen eta gurasoen arteko harremanak hobetzeko tresna egokia izan zitekeela ikusi genuen», esan du Otaegik.
Webgune berria
Gazteria sailetik egiten ari diren lanketa herriratzeko eta jendearengana «zuzenago» iristeko, webgune berezia sortu dute. Ataria zestoagazte.zestoa.eus da, eta zerbitzu guztien berri ematen dute bertan. Ekintzak, izen-emateak, diru laguntzak, agenda edo autobus ordutegiak aurki ditzakete guraso zein gaztetxoek.
Udalekuetako izen-ematea
Izena eman daiteke Zestoako udaleku irekietan eta kirol udalekuetan, apirilaren 22a bitartean, eskolan, udaletxean edo Gaztelekuan.
Udaleku irekietan 3 eta 8 urte arteko haurrek dute aukera parte hartzeko. Hiru eta lau asteko txandak dituzte haiek aukeran. Hiru asteko txanda ekainaren 27rik uztailaren 15era izango da, 60 euroren truke; lau astekoa, berriz, ekainaren 27 uztailaren 22ra, 80 euroan. 10:00etatik 13:00era izango dira txandak. Merkeagoa da prezioa familia ugarietako eta gurasoak langabezian dituzten umeen kasuan.
Auzoetan ere jarri nahi dituzte udalekuak; baina, horretarako, gutxienez, hamabi haurreko taldeak osatu beharko dituzte. Kasu horretan, 3 eta 12 urte bitartekoek eman dezakete izena.
Kirol udalekuak, berriz, 9 urtetik gorakoentzat eskainiko dituzte. Lau asteko txanda da hori: ekainaren 27tik uztailaren 22ra. Ordutegia 09:30etik 12:30era da. 80 eurokoa da prezioa, eta kasu horretan ere, familia ugarietako eta gurasoak langabeziak dituzten umeek hobaria izango dute.
Honakoak dira bi udalekuetan izena emateko behar diren izapideak: izen-emate orria, osasun txartelaren kopia eta ordainketa agiria. Hala behar dutenen kasuan, familia liburuaren kopia —familia ugaria izanez gero— edo langabezia-txartelen kopiak eta diru-sarreren ziurtagiriak.
Udalekuetarako lan-poltsan izena emateko epea ere irekita dago. Udaletxera joan behar da horretarako.