Gipuzkoako Herriarteko finala azpeitiarrek irabazi zuten iaz. (Euxebi Lizaso Aristi)
Asteburu honetan hasiko da XIII. Berria Txapelketa, eta eskualdeko bi herrik parte hartuko dute: Azkoitiak eta Azpeitiak. Ekainera arte luzatuko da lehiaketa, eta final handia ekainaren 26an jokatuko dute, Hernaniko pilotalekuan. Euskal Herriko pilota elkarte onenak biltzen ditu Berria txapelketak, eta antolatzaileek egiten dute parte-hartzaileen aukeraketa. Jabi Odriozola Ilunpe elkarteko kideak esan duenez, "seinale ona" izaten da lehia horretarako deitzea.
Azkoitiarrek jokatuko dute lehen final hamaseirena, igandean, Andoaingo Arrate pilotalekuan. 16:30ean da partida, eta honakoek parte hartuko dute: kadeteetan, Jon Oteizak eta Jagoba Urangak; jubeniletan, Endika Cuevasek eta Aitor Azkoitiak, eta, nagusietan, Markel Anduezak eta Jon Juaristik. Aurkari gogorra izango dute azkoitiarrek aurrez aurrekoan, talde indartsua osatu dute-eta Lazkaokoek.
Azpeitiko Ilunpe elkarteko pilotariek ez dute jokatuko final hamaseirena. Izan ere, zuzenean sailkatu dira final zortzirenera antolatzaileentzat, lehen begiratuan, zortzi talderik onenak direnak. Azpeitiarrek maiatzaren 29an jokatuko dute lehen norgehiagoka, Nafarroako Buruzgain taldearen kontra. Sei edo zazpi urte daramatzate irten gabe azpeitiarrek txapelketa horretan, eta iaz Euskal Herriko herriarteko lehia irabazi ostean deitu diete.
Berria txapelketa jokatzeko, Urnietako (Gipuzkoa) fitxaje bat egin du taldeak: Imanol Odriozola. Harekin, honakoak dira bikoteak: Gorka Iriarte eta Julen Egiguren, kadeteetan; Jon Alberdi eta Imanol Odriozola, jubeniletan; eta Markel Etxaniz eta Daniel Murgiondo, seniorren mailan. "Ondo bidean, talde ona" dela azaldu du Odriozola elkarteko ordezkariak: "Dena dela, partida bakoitza jokatu behar da, eta ikusi beharko dugu zer moduz dauden mutilak eskuetatik".
GRAVNI ligako azken partidak Zestoan
GRAVNI pilota txapelketako azken partidak jokatuko dituzte bihar eta etzi Zestoako pilotalekuan. Gipuzkoa eta Errioxa (Espainia) lehiatuko dira. Bihar, nagusien txanda izango da, eta banaka zein binakako partidak jokatuko dituzte, 20:00etatik aurrera.
Jubenilek eta 22 urtez azpikoek larunbatean jokatuko dute, 16:00etatik aurrera. Jon Alberdi jubenil azpeitiarrak banakako partida jokatuko du.