Igandean Santa Engraziko eguna ospatuko dute mendizaleek

Urola Kostako Hitza 2016ko apirilaren 12a

Lagun Onak MBkoek Santa Engrazirako egun osoko egitaraua prestatu dute

Azpeitiko Lagun Onak Mendi Bazkunak iganderako (apirilak 17) Santa Engraziko (Aizarna, Zestoa) eguna antolatu du. Egun guztiko mendi irteera antolatzeaz gainera, Santa Engrazin bertan eta Aizarnan hainbat ekitaldi antolatu dituzte. 09:00etan irtengo dute mendizaleek Azpeitiko plazatik, eta haur eta gaztetxoak autobusez joango dira Zestoara. Helduek, berriz, Azpeititik Santa Engrazira oinez joateko aukera izango dute. Gero, 18:00etan, Aizarnatik Azpeitira itzultzeko autobusa jarri dute mendizaleek. Autobuserako aurrez izena eman behar da mendizaleen webgunean. Izena emateko azkenengo eguna apirilaren 14a (osteguna) da; Lagun Onak MBko bazkideek 4 euro ordaindu beharko dute eta gainontzekoek 6 euro. Autobusez Zestoara joan eta Zestoatik 09:30ean abiatuko dira Santa Engrazira. Eguerdian, Beheko bentan salda beroa izango da mendizaleentzako. Gero, haurrentzako jolasak eta erromeria antolatu dituzte. Bazkaltzera, berriz, Aizarnara jaitsiko dira, eta handik 18:00etan Azpeitirako autobusak irtengo du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide