Jose Antonio Elorza 'Elortxa' (Jotakie): "Gogoak emandakoa, gustukoa, egiten genuen"

Ana Abarisketa 2016ko apirilaren 8a

'Elortxa' azpeitiarra da, baina Azkoitian bizi da. (Ana Abarisketa) Jose Antonio Elorza Elortxa (ahotsa), Manolo Azpitarte (gitarra), Peio Larrañaga (bateria) eta Luka Martinek (baxua) osatzen dute Jotakie musika taldea. Taldeko abeslariarekin hitz egin du Urola Kostako Hitzak. Azpeitiko ikastolaren sorreraren 50. urteurrena ospatzeko Sanagustingo oholtzara igoko dira bihar. Nola sortu zen Jotakie? 80. hamarkadan hasi ginen, 1981ean uste dut. Gipuzkoa Star 82 lehiaketara aurkeztu ginen. Gero, izen bereko diskoa kaleratu zuten, eta dozena bat talde baino gehiagok parte hartu zuten diskoan, tartean guk. Halere, ordurako martxan hasita geunden. Nondik jaio zen aukera hura? Diputazioak antolatutako lehiaketa bat izan zen. Diskoko abestia gaztelaniaz grabatu genuen, nahiz eta gure asmoa euskaraz grabatzea izan. Soinu-teknikari famatu bat ekarri zuten, baina guk ez genekien estudio bat zer zen ere. Aukeratu genuen kantua ez zitzaion gustatu hari, eta, azkenean, aurreko astean Pattak ekarritako La pop abestia grabatu genuen, gaztelaniaz. Nola sortu zenuten laukotea? Hasieran, gehiago ginen taldean. Pellok, Lukak eta nik, eta Juanma Aparicio Makikok eta Jesus Sudupe Pattakiek osatzen genuen. Azken bi horiek nahiago zuten beste musika mota bat egin, eta Direccion Obligatoria sortu zuten. Taldearen azken urteetan, beste gitarra-jole bat gehitu zitzaigun: Fran Iturbe. Orain, Los Angelesen (AEB) bizi da, eta musikari profesionala da. Mikel Erentxun edo Enrique Bunburyrekin jotzen du hark. Nolakoak izan ziren hasierak? Herri mailan jotzen genuen, eta ez genuen arrakastarik. Pixkanaka, jendea deitzen hasi zitzaigun. Behin, Nafarroako Bakaiku herrira joan ginen, eta Kortatu eta Belladonarekin jo genuen. Marino Goñi ere agertu zen kontzertura. Soñua diskoetxean zegoen orduan, eta hark eskaini zigun diskoa grabatzea Kortatu, Cicatriz eta Kontuz Hi! taldeekin. Gero, Zurt (Soñua, 1986) gure lehen diskoa kaleratu genuen. Non entseatzen zenuten? Azautza (Auzaraza) baserriko garajean entseatzen genuen, Azpeitian. Musikalki zein zen orduko testuingurua eskualdean? Hemen ez zegoen talde rockerorik. Azkoitian eta Azpeitian Eganek funtzionatzen zuen, eta Azkoitian Beti Alaik. Hain zuzen, gure aurreneko kontzertuak lagun artean antolatutako festak izan ziren; Azpeitiko Berdura Plazan, esaterako. Lagunak jartzen genituen zerbitzatzen. Ordura arte ez zegoen ezer, eta bat-batean, taldeak sortzen hasi ziren leku guztietan. Aldaketa bat ematen ari zela sumatzen zenuten? Orduan ez ginen kontziente. Gogoak emandakoa, gustukoa, egiten genuen. Naturalki ateratzen zitzaigun. Gozatzen al zenuten? Asko. Hamar urte iraun genituen, gutxi gorabehera. Geure momentu txarrak ere izan genituen, bi kide horiek –Juanma Aparicio eta Jesus Sudupe– taldea utzi zutenean esaterako. Bukaeran, adinean aurrera gindoazen heinean, ikusi genuen egin beharreko dena eginda zegoela. Gogoan duzu lehenengo kontzertua? Etxe-Aitz tabernaren atarian izan zen, Azkoitian. Bateria eta lau anplifikadore jarri genituen, eta ahotsa handik lotu genuen. Ederra izan zen guretzat. Gordeta duzun beste kontzerturen bat? Bi urtez jarraian jo genuen Bilboko Aste Nagusian, eta aurrenekoa dut gogoan. Oso ona izan zela gogoratzen dut. Alemanian egin genituen birak ere ederrak izan ziren. Kontzertuak lokal txikietan izaten ziren, 500 bat lagunen aurrean gutxi gorabehera, baina mundialak izan ziren. Hiru bira egin genituen han. Bigarrengoan, adibidez, Marburg-eko Unibertsitatean jo genuen, 5.000 lagunen aurrean. Zergatik Alemaniara? Gernikako bonbardaketaren 50. urteurrena zen orduan, eta Alemaniako historialari talde batek gaia landu nahi zuen han bertan. Neustadt-en bizi ziren haiek, eta handik oso gertu dago Gernika bonbardatzera atera zen Kondor Legioaren hegazkinen basea. Sarraski hura salatzeko dozena bat kontzertu antolatu zituzten gurekin elkarlanean. Beraiek azalpenak ematen zituzten gero. Urteen poderioz ospe handia lortu zenuten, ezta? Geure musika egiten genuen, eta nahiko talde atipikoa ginen; izan ere, dena zen Euskal Rock Erradikala. Garai hartakoak dira Kortatu, Ertzainak, Zarama, Barricada edo Cicatriz taldeak, eta gu horiek guztiekin ibiltzen ginen. Talde ezaguna zineten, beraz. Kortatuk, Barricadak eta Ertzainakek jende gehiago mugitzen zuten, baina gu ere han ibiltzen ginen. Punk talde guztiekin jotzen genuen. Ia astebururo ematen zenituzten kontzertuak. Kudeatzeko zaila al zen hori? Hiru edo lau urtez izan zen hori. Astean hiruzpalau aldiz entseatzen genuen, eta, azkenean, hamar urtez egunero-egunero jende berdinarekin egoteak... Nekatu egiten zara. Musikatik bizitzea lortu zenuten? Ez, ez. Poltsikoan ez genuen dirurik ibiltzen [barre egiten du]. 1990ean desegin zen Jotakie. Zer gertatu zen? Hasierako ilusioak ez ziren berak, eta adinean ere goraka gindoazen. Ez genuen dirurik ateratzen, eta, nola edo hala, bizimodua aurrera atera behar genuen. Bukaera isila izan zen. Bergaran eman genuen azken kontzertua, baina entzuleek ez zekiten ezer, eta ez genuen ezer esan. 25 urteren bueltan itzuliko zarete bihar oholtzara. Kostatu egin zaizue baizkoa ematea? Hasieran ezezkoan nengoen, baina seme-alabek konbentzitu ninduten. Ez naute sekula ikusi, eta ilusioa handia egiten die. Urrestillan hasi ginen entseatzen, eta zerbait piztu zaigu barruan.

Nostalgiaz dantzatuko dute ikastolaren urteurrenean

Azpeitiko ikastolaren 50. urteurrena ospatzen ari dira Karmelo Etxegarai eta Urola Ikastola. Lau taldek joko dute bihar Azpeitiko Sanagustin kulturgunean: Jotakie, Direccion Obligatoria, Lin Ton Taun eta Jo! Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraik eta Urola Ikastolak Azpeitiko ikastolaren sorreraren 50. urteurrena ospatzeko prestatu duten egitarauaren barruan joko dute, bihar, Lin Ton Taun, Direccion Obligatoria, Jotakie eta Jo! taldeek. Nostalgiaz betetako gaua izango da askorentzat, Sanagustin kulturguneko oholtzara igoko dira-eta talde horiek hainbat hamarkada eta gero. Azkoitia, Azpeitia eta Zestoa artean sortutako talde horiek 80ko eta 90eko hamarkadetara eramango dute entzulea. Kontzertuak 22:00etatik aurrera hasiko dira, eta sarrera guztiak agortuta daude dagoeneko. Azpeitiko kulturguneak 560 lagunentzeko tokia du.

Zestoatik hasita

Lin Ton Taun 1992. urtean sortu zuten Zestoan honako kide hauek: Eneko Iribar (bateria), Jon Rezabal Munatxo (panderoa eta ahotsa), Bitor Tena Bitti (baxua), Apolinar Etxeberria Apolio (gitarra), Raul Olaizola (gitarra) eta Joseba Illarramendi (soinua eta ahotsa). Trikitixa eta rocka euskaraz nahastu zituen lehen taldea izan zen Lin Ton Taun. 90eko hamarkadako talderik arrakastatsuenetarikoa izatea lortu zuten. Guztira, lau disko kaleratu zituzten. Aurreneko biak —Lin Ton Taun (1993) eta Nola esan dek? (1994)— Esan Ozenki diskoetxearekin argitaratu zituzten, oihartzun handia lortuz. Bi disko horietan rap eta rock doinuak nahastu zituzten, besteak beste. Geroago, Espainiako Dro diskoetxearekin sinatu zuen Zestoako taldeak, eta doinu elektronikoak sartu zituzten azken bi diskoetan: Baneki (1997) eta Micro (1999). Hainbat urtetako etenaren ostean, 2013an itzuli zen Zestoako taldea oholtzetara.

Madrilera begira

Direccion Obligatoriako hirukotea 80ko hamarkadaren hasieran sortu zuten Jesus Sudupe Pattakiek (ahotsa), Juan Manuel Aparicio Makokik (bateria) eta Luciano Martin Lukak (baxua). Gaztelaniaz abesten zuten, pop-rock estiloa jorratuz. Madrilgo musika zuten gustuko, eta melodia horien eragina nabarmena da haien diskografian. Inguruko herrietan ospe handia lortu zuen taldeak. 1989 eta 1990 artean desegin zen Direccion Obligatoria taldea. Jo! taldea da Sanagustineko oholtzara igoko den azken taldea. 2004.urtean sortu zuten taldea honako kide hauek: Ruben Lizarralde (gitarra), Abel Alberdi (baxua), Jon Zubizarreta Nartxa (bateria) eta Mikel Alberdi (ahotsa). Oraindik berandu den diskoa kaleratu zuten 2007an, Jo!-ko taldekideek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide