Gaztetxoekin txokolatada egin zuten joan den urtean
(Danbolin)
27 urte beteko ditu aurten Zestoako Gaztetxeak, eta egitaraua fintzen ari dira, larunbatetik aurrera urteurrena ospatzeko. Egun handia hilaren 16a bada ere, datorren larunbatean beroketa lanak egingo dituzte zestoarrek, eta luntxarekin hasiko dute datozen asteetarako prestatu duten egitaraua. Larunbatean bertan, mokadua egingo dute udaletxe azpian, 20:00etan; ondoren, joan den urteko bertsio gaueko bideoa ikusiko dute hantxe bertan. 22:30erako gaztetxera joango dira, eta Funtdamental taldearen kontzertua izango dute han.
Ondoren, datorren astean zehar film eta hitzaldi bana eskainiko dituzte gaztetxean. Egunak gerturatu ahala emango dute haien berri. Dena den, apirilaren 16a izango da "egun potentea", Jone Exposito gaztetxeko kidearen arabera. Egun horretan, larunbatez, txarangak alaituko du herria, 19:00etatik aurrera. Afaltzeko, txotxa egingo dute, udaletxe azpian, 21:00etan. Gauean, berriz, 23:00etatik aurrera, Bertsio Gaua izango da, bigarren aldiz, gaztetxean.
Denen gaztetxea
Urtemuga ospatzeaz gain, gaztetxeko kideen helburua da gunea "berreraikitzea". Gaztetxea "denena" dela azaldu du Expositok, eta hori ikusarazi nahi diete herritarrei. 27 urtean asko aldatu da gaztetxea, kideen arabera; batik bat, bertako aktibitateak "behera" egin du, eta hori nabaria dela azaldu dute. Expositok esan duenez, duela urte batzuk egunero egoten zen barra irekita; eta, gaur egun, "kontzertuei esker bizi" da.
"Ateak irekita"
"Proiektu asko jarri dira abian guneak martxa har dezan, baina zaila da", azaldu du Expositok. Gainera, nabarmendu du "oso gazteak" direla, gaur egun, gaztetxean mugitzen diren herritarrak, eta "erreferentziak" falta dituztela. Gustatuko litzaieke jendea hurbiltzea, dinamikan parte har dezaten. "Azaldu nahi dugu, gazte zein horren gazte ez direnentzat, guztientzat daudela irekita ateak", azaldu du.
Dena den, lanean jarraitzen dute Zestoako gaztetxean. Lau taldetan banatuta dute jarduna: Rockeroak, Aisialdia, Txapuzas eta sozioekonomia taldea. Saiatzen dira hilero kontzerturen bat antolatzen, eta, horrez gain, festetako eta urteurreneko egitarauak ere prestatzen dituzte. Datozen asteotako ekintzekin otsail amaieran hasi ziren lanean.