Bi Harri txapelketa jokatuko dute Aritzbatalde pilotalekuan larunbat arratsaldean. Zarauzko arroketan, itsas beheran, jasotako bi harri baldar altxa beharko dituzte hamazazpi harri-jasotzailek: Jai Txiki harri koadroa, 117 kilokoa, eta Mollarri harri oboidea, 121 kilokoa. Txandaka jaso beharko dituzte zazpi minutuz, bakoitzak aukeratutako ordenean. Harri horiek bere horretan mantendu dituzte, naturalak dira, inolako aldaketarik pairatu ez dutenak.
Hamabi euro balio dute sarrerek, baina Zarautz Kirol Elkarteko txartela dutenek aukera izango dute sei eurotan erosteko, erdi prezioan. 12 urtetik beherako haur eta gaztetxoek doan dute sarrera. Gutxi gorabehera 800 lagunentzat tokia egongo da kiroldegian.
Parte-hartzaileak
Eskualdeko hamabi lagunek parte hartuko dute txapelketan. Honakoak dira: Jokin Eizmendi, Mikel Lopetegi
Urra, Iñigo Eizagirre
Eiza, Aia eta Zarauzko Izeta familia; Agustin Iruretagoiena
Izeta I.a, Joxe Ramon Iruretagoiena
Izeta II.a, Jexus Mari Iruretagoiena
Izeta III.a eta Hodei Iruretagoiena Izeta
IV.a, Xabier Peñagarikano
Erreuzta aizarnazabaldarra, Iagoba Otaegi aizarnarra, Joseba Ostolaza zestoarra, Aimar Galarraga oriotarra eta Imanol Illarramendi
Kortaberri aiarra.
Urola Kostakoez gain, honakoek parte hartuko dute: Josetxo Urrutia leitzarrak, Urtzi eta Beñat Telleria urnietarrek, Xabier Ariztegi
Santxin etxalartarrak eta Sergio Mielgo madrildarrak (Espainia).
Kirolaren jarraikortasuna xede
Antolatzaileek azaldu dutenez, harri-jasotzearen "jarraikortasunari" lagundu nahi diote txapelketarekin. "Txapelketa honekin, emaitzaren aurreko zirrara sortarazteaz gain, komunitatearen elkartasuna eta parte-hartze sentimenduak ere sustatuko dira", azaldu dute antolatzaileek.
Igeldoko harriarekin alderatu dituzte Zarauzkoak, eta haien "ondorengo" izatea nahi luketela esan dute, estropadetan Zarauzko bandera "Kontxakoaren hurrengoa" den bezala. Ekitaldia ondo ateraz gero, urtez urte eutsi nahi diote.