Salegi eta Iguaran, Erniarraitz sariketako kanporaketa batean (E. Albizu Lizaso)
VII. Gazteen Bertso Saioa jokatuko dute ostiral iluntzean, 22:30etik aurrera, Zestoako Gaztetxean. Erralla bertso eskolak eta Zestoako Gaztetxeak antolatu dute proba, gazteak bertso mundura hurbiltzeko helburuarekin. Honako bertsolariek kantatuko dute: Iñaki Apalategik, Oihana Iguaranek, Unai Mendizabalek, Aitor Salegi zestoarrak, Julio Sotok eta Maialen Velardek. Sarrerak sei euroren truke eros daitezke Koiote, Uztapide eta Fati tabernetan. Oraindik gelditzen dira txartelak, baina Gaztetxea urtero bete egiten dela esan dute antolatzaileek.
Saioan, gazteak eta esperientzia duten bertsolariak «nahasten» saiatzen direla azaldu du Gorka Olaizola Bolatxo Erralla bertso eskolako kideak. Aurtengoan, 23 eta 34 urte bitarteko bertsolariek abestuko dute. «Gazteak eta pixka bat helduago direnak hartzen dute parte. Izan ere, bada heldu eta gazteen tarteko adin bat: oraindik ez zara zaharra, baina sariketetan parte hartzeko ere urte gehiegi dituzu. Horiek tartean gelditzen dira», azaldu du Olaizolak.
Errallako lagunek duela zazpi urte ikusi zuten bertsolaritzarekin lotutako ezer asko ez zela egiten herrian, eta «bereziki gazteei begira», zerbait antolatzea erabaki zuten: «Urtean behin-edo egiten da bertso saioren bat Zestoan, baina ez zuten lortzen gazteak erakartzea». Ordutik, urtero prestatu dute gazteen bertso saioa.
Antolatzaileek ez dute nahi saioa «luzeegia izatea», beraz, lan hauek jarriko dizkiete bertsolariei: sei bertso ofizioan, bi bakarka, bertso bat gainontzeko parte-hartzaileei, saio bat koplatan eta, azkenik, jolas edo sorpresaren bat.
Erralla indartzen
Erralla bertso eskola berpizteko asmotan ari dira lanean zestoarrak. Izan ere, lehen helduen eta haurren taldea zegoen herrian, baina utzi egin zioten eskolak antolatzeari. Ohiturari heltzeko asmoz, ikasturte honetan hasi dira umeen bertso eskolarekin lanean berriro. «Ea herrian baden norbait erreleboa hartuko duena», adierazi du Bolatxok.
Asteartero biltzen dira Zestoako umeak Maialen Velarde bertsolariarekin, eta elkarteak berak sei lagun inguru ditu saioak antolatzeko eta laguntzeko.
Bertsolariak
Iñaki Apalategi. Beasain, 1982.
Oihana Iguaran. Amasa, 1991.
Unai Mendizabal. Zizurkil, 1992.
Aitor Salegi. Zestoa, 1993.
Julio Soto. Gorriti, 1987.
Maialen Velarde. Zumaia, 1989.