Kriseiluak aireratuko dituzte egunotan Zestoan eta Azpeitian

Ana Abarisketa 2016ko martxoaren 11

Ametsen Kriseilua egitasmoa gaur izango da Zestoan, 20:00etan. Azpeitian bihar aireratuko dituzte kriseiluak, ordu berean. Kriseiluak salgai daude oraindik.

Azpeitiko Hitzartu talde eragileko kideak bihar 19:30ean bilduko dira plazan sinadurak kontatzeko. (Hitza) Kriseiluen egitasmoa iritsi da. Zestoan gaur aireratuko dituzte kriseiluak, eta Azpeitian, bihar hartuko dute lekukoa. Zestoako Gure Esku Dago taldeak antolatuta, Jubilatuen taberna aurreko plazatxoan bilduko dira herritarrak iluntzean, Ametsen Kriseilua egitasmoaren barruan. 20:00etan botako dituzte kriseiluak zestoarrek, Desioak eta ametsak ehuntzen lelo hartuta. Haietako bat eskuratu nahi dutenek, Axun Arrazola plazan eros dezakete, 2,5 euroren truke. Herriko tabernetan eta Potxolon ere salgai daude. Momentuz, 100 kriseilutik gora saltzea lortu dute. Horiek nola piztu azaltzeko, bideoa ere egin du Zestoako Gure Esku Dagok. Horrez gain, antolatzaileek gomendatu dute norberak bere metxeroa eraman dezala. Gaurko egitaraua arratsaldean jarriko du martxan Gure Esku Dagok, eta hainbat ekintza antolatu dituzte. Hala, Desioen mahaia prestatu dute 17:30etik aurrera, txokolatada eta Barbantxorekin ekintzak egongo dira, hain zuzen.

Azpeitian, dena prest biharko

Azpeitian bihar egingo dute egitasmo berdina. Ekintza horrekin bukatuko da, gainera, Hitzartu elkarteak urtarrilaren 14an abian jarri zuen herri galdeketaren aldeko sinadura bilketa. Azpeitian 19:30ean bilduko dira plazan, sinadura guztiak kontatuko dituzte, eta ondoren aireratuko dituzte koloretako kriseiluak Zelai Luzen, 20:00etan. Musika ez da faltako Hitzartuk antolatutako ekitaldi honetan, eta trikitilariek eta abeslariek parte hartuko dute. Kriseiluak salgai daude oraindik, 2,5 euroren truke. Gure Esku Dagoren lokalean eskuratu daitezke gaur, 17:30etik 19:30era; bihar, berriz, 10:30etik 12:30era. Dagoeneko 150 kriseilu baino gehiago saldu dituzte. Herri galdeketaren sustatzaileek azaldu dutenez, "berebiziko garrantzia" du biharkoak, erabakitzeko eskubidearen aldeko ibilbidean jarraitzeko pauso garrantzitsua izango delako. Hori dela eta, herritar denen parte hartzea eskatu dute, ideologia desberdinen gainetik borondateak balio duelako. Hitzartu taldeak ekainaren 12rako antolatu du independentziaz herri galdeketa. 1.500 herritarren sinadurak biltzeko erronka jarri zuten urte hasieran, eta otsailaren 15ean lortu zuten kopuru hori gainditzea. Halere, atxikimenduak jasotzen segituko dute, bihar arte. Azpeitian ez ezik, Debagoienako herri hauetan ere egingo dituzte herri galdeketak ekainaren 12an: Arrasate, Bergara, Oñati, Aretxabaleta, Eskoriatza, Antzuola, Aramaio, Elgeta eta Leintz-Gatzagan. Goierrin, Diman edo Bakaikun astebetera bozkatuko dute herritarrek, hilaren 19an. Beste hainbat herritan ere hasi dira biltzen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide