2016ko udal aurrekontuen kontra bozkatuko du EH Bilduk Zestoan

Ana Abarisketa - Eneritz Albizu Lizaso 2016ko martxoaren 8a

Zestoako EAJ eta EH Bildu aurrekontuak onartzeko akordioa sinatzen saiatu dira, baina ez dute adostasunik lortu. EH Bilduk kontra egingo duela aurreratu du.

2016ko aurrekontuak onartzeko bidean, —EAJk datorren astearterako, martxoak 15, deituko du batzarra— Zestoako Udal Gobernuak batzorde bat hartzea proposatu dio EH Bilduren udal taldeari. Dena den, ez dute lortu akordio batera iristea, oraingoz, behintzat. EAJren proposamena honakoa zen: Sozioekonomia batzordea sortzea, eta Turismo eta Merkataritza taldea ere batzorde horretan txertatzea, eta EH Bilduko Aitor Zuzuarregik izango luke lehendakaritza. Proposamen hori onartu eta 2016ko udal aurrekontuei babesa erakusteko bi baldintza jarri zituen koalizioak: batetik, alokairu sozialerako bideratutako diru partida jartzea, 40.000 eurokoa; bestetik, hondakinen bilketa sisteman akordio batera iristea. Mikel Arregi Ertxin EH Bilduko bozeramaileak azaldu duenez, bilketa sistema dagoen bezala uztea zen lehen aukera. Bestela, hau eskatzen zioten: Lezon (Gipuzkoa) EAJk eta EH Bilduk eginiko akordioa jarraitzea, errefusa eta organikoaren bilketa selektiboa egitea eta ontzi arinak edukiontzi bidez jasotzea. Hilabete inguru negoziatzen jardun ostean, ez dute lortu adostasunera iristea. Koalizio abertzaleak ohar bidez jakinarazi du, EH Bilduren baldintzak "onartu" zituela Josetxo Mendizabal alkate jeltzaleak, nahiz eta "bere taldeko kide batzuk akordioaren aurka izan", gehiengoa "alde" zela argudiatuz.

Hondakinak, jomugan

Akordioa ahoz itxi eta hurrengo egunean, ordea, "hondakinen bilketa sistema aldatu", eta edukiontziak jartzea erabakita zutela erantzun zien jeltzaleek, EH Bilduk oharrean azaldu duenez. EAJk idatziz pasatu zion joan den ostiralean bere proposamena EH Bilduri, hiru puntu nagusi nabarmenduz idatzi horretan: aurrenekoa, alokairu sozialerako 30.000 euro bideratzea; bigarrena, Sozioekonomia batzordea koalizioak kudeatzea; hirugarrena, 2017ko martxoaren 1a aurretik hondakinen bilketa sistema aldatzea. Azken puntu honi begira, Arrasateko sistema bultzatu nahi du EAJk, Mendizabalen hitzetan. Debagoienako herri honetan, kaleko edukiontzi handietan oinarritzen da hondakin sistema, horietako bi —errefusarena eta organikoarena— giltza elektronikoz irekitzen dira.

EH Bildu, kontra

Joan den larunbatean herri batzarra egin zuen EH Bilduk Udal Gobernuaren eskaintza aztertzeko. Bertan batu ziren 30 bat lagunek aho batez onartu zuten EAJk idatziz bidalitako proposamena bertan behera uztea: "Gure aldetik zintzotasun osoz aritu izan gara, eta gure herriaren onerako akordio bat lortu izanarekin lanerako ilusioz ginen, dena muturren aurrean bertan behera erortzen ikusi dugun arte", azaldu du EH Bilduk oharrean. Ondorioz, 2016ko aurrekontuen kontra bozkatuko dute EH Bilduko bost zinegotziek. Halere, sei zinegotzi jeltzaleen botoak nahikoa dira aurtengo udal aurrekontuak onartzeko. EAJko ordezkariak atzo arratsaldean bildu ziren azkenekoz, taldeak aurrerantzean eman beharreko pausoak zeintzuk diren aztertzeko. Oraindik orain, koalizioak proposamena "idatziz" noiz erantzun zain daude. Akordioa lortzea posible ikusten duen galdetuta, itxaropena ez duela galdu azaldu du Mendizabalek, Zestoako alkateak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide