Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Ostiralean hasi eta igandera arte hainbat ekitaldi antolatu dituzte Zestoako Arroabea auzoan. Ostirala Talo Eguna izango da, eta, igandean, zuhaitzak landatuko dituzte.
Ekitaldiz betetako asteburua antolatu dute Arroabean. Ostiralerako, Talo Eguna prestatu du Auzo Elkarteak. Duela lau urte hasi ziren taloen jaiarekin, eta indarra hartuz joan da ekitaldia. "Arroabea txikia da, baina jende asko etortzen da", azaldu du Rosa Irastortza antolatzaileetako batek. Taloak elkartean prestatuko dituzte, eta jaia 19:00etatan hasiko da. Auzoko trikitilari eta pandero-jotzaileek alaituko dute giroa.
Larunbaterako, berriz, Adunako Zabala sagardotegira irteera antolatu du Jai Batzordeak. Izena emateko, honako telefonoetara deitu daiteke: 690-965 600 edo 634-570 337.
Aldarrikapenerako tartea
Zuhaitz landaketa egingo dute igandean 11:00etatik aurrera, haur eta helduek. Aurtengoa da ekitaldia antolatzen duten hirugarren urtea. Herrian falta diren zuhaitzak jartzea eta zaintzea dute helburu. Maider Cachon guraso elkarteko kideak azaldu duenez, "edonork" parte har dezake, baina saiatzen dira "protagonismoa" umeei ematen: "Modu bat da haurrei erakusteko zer garrantzia duten zuhaitzek eta haiek ondo zaintzeak". Sei zuhaitz berri landatuko dituzte, eta bat lekuz aldatuko dute. Urtez urte landareekin osatutako horma nahi dute egin, kutsadura akustikoa saihesteko. Pareta horretan erromeroa landatuko dute, eta lizarra, parkean.
Cachonek esan du egiten dituzten ekitaldi guztiak direla "aldarrikapenerako aukera". "Gainean egonda pausoak ematen ari dira, eta bi aste barru jakingo dugu eskola berriaren proiektu zehatza zein den: gelak, komunak, argindarra, ura... dena non eta nola joango den". Dena den, gogorarazi du, bien bitartean, "egoera txarrean eta arriskuan" jarraitzen dutela ikasleek.