Gemma Urteagak kanporaketako irabazlearen saria Nekane Zinkunegiren eskutik jaso du, Errezilgo Udalaren izenean (Nerea Uranga/Hitza)
Gemma Urteaga beasaindarrak irabazi du Erniarraitz bertso sariketako hirugarren eta azken kanporaketa. Beraz, bera da zuzenean finalerako sailkatu den hirugarren bertsolaria, Jon Gurrutxaga eta Oihana Iguaranekin batera. Errezilen jokatu zuten finalaren aurreko azken proba, igande arratsaldean.
Azken saioarekin batera, erabakita gelditu zen nork abestuko duen ostiralean Azpeitiko Gaztetxean jokatuko duten finalean. Hiru kanporaketako irabazleak izango dira, batetik: Gurrutxaga azpeitiarra, Iguaran eta Urteaga. Haiez gain, puntu gehien lortu dituzten ondorengo hiru bertsolariek kantatuko dute: Amaia Iturriotzek, Unai Mendizabalek eta Aitor Salegi zestoarrak. Lehen kanporaketan lehiatu zen Mendizabal; eta bigarrengoan, Iturriotz eta Salegi.
Azken sariketako irabazlea da, hain zuzen, Iturriotz; hark jantzi zuen txapela duela bi urte, Gaztetxean bertan, Laxaro Azkune gai-jartzailearen eskutik.
Lehen aldia sariketan
Lagun batekin bertsotan harrapatu du HITZAk Gemma Urteaga, Errezilgo kanporaketa irabazi eta biharamunean. "Gustura" dago beasaindarra igandean egindako lanekin, baina "sentimendu gazi-gozoa" ere gelditu zitzaion: "Bakarkakoan ez nintzen oso gustura sentitu, baina zortziko handi eta txikian eroso jardun nintzen, Eli Pagola eta Jon Ander Iriondorekin".
"Leku goxoa eta giro epela" aurkitu zituen Urteagak Errezilen, eta bere buruarekin "asebeteta sentitzea" helburu zuela joan zen Goierritik. "Bertsoak nire egitea nahi nuen, eta lortu nuen; nire erara, baina lortu nuen", azaldu du.
Erniarraitz bertso sariketa ezagutzen du Urteagak: duela bi urte Azpeitiko Gaztetxean izan zen finala ikusten. Aulkitik oholtzara igaroko da aurten. "Oso esperientzia ona izan da sariketan parte hartzea. Deitu egin zidaten hona etortzeko, eta asko eskertu nuen; izan ere, ni ez naiz eskualdekoa, baina aukera eman didate hemen kantatzeko", azaldu du beasaindarrak.
"Gozatzera" joango da finalera Urteaga, eta kanporaketan bezalaxe, bere buruarekin gustura sentitzea izango du xede. Faborito bezala Oihana Iguaran ikusten badu ere, "edozer gauza" gerta daitekeela esan du: "Hamaika sorpresa izaten dira bertsolaritzan, horregatik da polita".
22:00etatik aurrera jokatuko dute sei finalistek sariketako azken saioa. Azpeitiko Gaztetxean da hitzordua, eta honako lanak izango dituzte: zortziko handia, zortziko txikia, bi punturi erantzutea, hamarreko txikia eta banaka hiru bertso hamarreko neurrian, gehienez. Bost euro balio ditu finaleko sarrerak, antolaketako gastuei aurre egiteko.