Belakok ez du gelditu nahi

Ana Abarisketa 2016ko ots. 25a, 10:46

Belako eta Rural Zombies Zestoako taldea Azpeitiko Sanagustinen izango dira bihar. Mungiako taldeak ‘Hamen’ diskoa kaleratu zuen urtarrilean, eta ez da gelditu ordutik. Maiatzean Europara salto egingo dute.

Mungiako laukotea. (Belako) Urtarrilean aurkeztu zuen Belako Mungiako (Bizkaia) taldeak Hamen diskoa eta ez dira gelditu ordutik. Euskal Herriko eta Espainiako hamaika bazterretan jo dute jada. Bihar gauean Azpeitiko Sanagustin aretoko oholtzara igoko da laukotea. Aurretik, Rural Zombies Zestoako taldeak girotuko du entzulea, 23:00etatik aurrera. Josu Ximun Billelabeitia (gitarra eta ahotsa), Lore Nekane Billelabeitia (baxua eta ahotsa), Lander Zalakain (bateria) eta Cris Lizarragak (teklatua eta ahotsa) osatzen dute laukotea. Punck-rock, elektronikoa eta beste hainbat estilo ukitzen ditu taldeak. "Guregan eragina duen musikaren nahasketa bat da Belako", azaldu dio Hitzari Lander Zalakain taldeko bateria-jotzaileak. Mungiako taldea "ezin sinetsita" dabil azken hilabeteetan jasotzen ari den erantzuna. Hasieran taldearen asmoa zen diskoa azaroan kaleratzea, baina nazioarteko aurkezpenak tarteko, urtarrilera atzeratu zuten. Halere, Hamen kaleratu aurretik hasi ziren herriz herri hamahiru abesti berriak aurkezten. Zaleek aurretik abestiak entzun gabeko saioak izan ziren haiek, eta "oso harrera ona" jaso zuten, Zalakainen hitzetan. Andaluzia, Kanaria uharteak edo Valentzia bisitatu dituzte ordutik, baita Euskal Herriko hainbat txoko ere. "Esperientzia horietatik indartuta irten dugu", dio tolosarrak telefonoz entsegu gelatik. Belakoren bigarren diskoa da Hamen. Duela hiru urte kaleratu zuten lehenengoa, Eurie (2013). Ordutik zerbait aldatu da taldean, "helduagoak" direla dio Zalakainek. "Eurie argitaratu genuenetik furgonetan eta errepidean ordu asko egin ditugu. Kontzertu pila bat eman dugu, eta taldekideon arteko elkarbizitza ere asko landu dugu, sendotuta atera gara esperientzia horietatik". Belako talde gaztea da, 2011n jaio zen Mungian, baina azkar lortu zuten kritikaren eta zaleen babesa. Batez ere zuzenekoen zaleak direla dio Belakoko musikariak: "Ez daramagu denbora asko musika munduan, horregatik kontzertu bakoitza garrantzitsua da guretzat. Gure artean beti esaten dugu, kontzertu bakoitza hamar entsegu bezala direla guretzako".

Atzerrira begira

Euskal taldea nazioartera begira dago. Ez dute inoiz ezkutatu atzerrian kontzertuak emateko "irrikitan" daudela: "Prozesua naturala izan da, Euskal Herrian bakarrik jotzen genuen hasieran, eta gero estatuan hasi ginen. Maiatzetik aurrera Londres, Glasgow, Edinburgo, Liverpool, Oporto eta Lisboan izango gara. Ilusio handia egiten digu kanpora ateratzeak". Maiatza iritsi bitartean, Sanagustinera begira dago laukotea. Zestoako "lagunekin" topo egingo dute bihar, beste behin, zaleen gozamenerako.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide