Lanbide Heziketako zikloa eskainiko dute Azkoitian, mendekotasuna duten pertsonen arretarako

Eneritz Albizu Lizaso 2016ko otsailaren 25a

Urola Ikastolan izango da bi urteko ikastaroa, eta apirilean egin daiteke aurrematrikula. Azpeitiko Udalak bost hilabeteko eskola homologatuak eskaini izan ditu 2012tik, eta eredu horretan oinarritu dira.

(E. Albizu Lizaso) Mendekotasun egoeran dauden pertsonentzako arreta deituriko erdi-mailako zikloa eskainiko du Urola Ikastolak Azkoitian, datorren ikasturtetik aurrera. Orain artean, egurraren, mekanikaren eta administrazioaren sektoreak landu dituzte eskola horretan; orain, "gizartearen beharrei" erantzuteko jarri dute ziklo berria, Alberto Izagirre Urola Ikastolako zuzendariak azaldu duenez. "Lan munduan aukera handia ematen duen" prestakuntza dela nabarmendu dute zikloaren sustatzaileek. Izan ere,  esan dute mendekotasun egoeran dauden pertsonez hitz egitean, adinekoez gain, elbarriez, gaixoez edo buruko osasun arazoak dituztenez ere ari direla. Ziklo hori egiten dutenek etxez etxeko zerbitzuak eskain ditzakete, egoitzetan lana egin edo hezkuntza bereziko pertsonen laguntzaile izan, besteak beste. Lanbide Heziketako bi urteko zikloa izango da, eta aurrematrikula egiteko aukera jarriko dute beste ikastaroekin batera, apirilean. Uztailean izango da matrikula egiteko tartea. Gutxienez, 15 ikasle beharko dituzte zikloa osa dadin; eta, gehienez, 25. Izena ematerakoan, ikasleek aukeratu beharko dute goizez edo arratsaldez jaso nahi dituzten eskolak, eta adierazi beharko dute zer gaitasun dituzten hizkuntzari dagokionez. "Gure apustua da ikastaroa euskaraz ematea; gainera, ikusten dugu bailara honetan lana egiteko, hizkuntza menderatu behar dutela profesionalek. Dena den, aztertu egin beharko da ikasleen perfila, eta arazoak badituzte hizkuntzarekin, ikusi beharko dugu haiekin nola jokatu D ereduan", azaldu du Mikel Alberdi Urola Ikastolako zuzendari ondokoak. Teoria eta praktika landuko dituzte zikloko bi urte horietan. Finkatuta dituzte teoriako 1.620 ordu eta praktikako 380. Dena den, dual izeneko programa batean sartzeko saiatzen ari dira; hala nahi dutenek lana eta ikasketak bateratu, eta 800 ordu arteko praktikak egin ditzaten. Espezializatutako zortzi irakasle izango dituzte; haiez gain, ikasgai komunak ematen dituztenak ere izango dira. Lau zentro publikoetan eskaintzen dute erdi-mailako zikloa Gipuzkoan: Aretxabaletan, Donostian, Elgoibarren eta Irunen. Azkoitia izango da laugarren gunea. Edurne Zubia Azpeitiko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako eta Formakuntzako buruak nabarmendu du 2017tik aurrera, "aitorpen gehiago" izango dutela titulazio horiek. Izan ere, mendekotasuna duten pertsonen familiek, Jaurlaritzako diru laguntzak jasotzeko, tituludun per- tsona baten karguan izan beharko dute beraien senidea.

Azpeitiko Udalaren ideia

Azpeitiko Udalean urteak daramatzate esparru hori lantzen, eta erakunde horren ekimenez prestatu dute zikloa. Izan ere, 2012az geroztik etxez etxeko laguntza emateko ikastaro homologatua antolatu du erakundeak, Lanbideko ziurtasun zigiluarekin. Bost hilabeteko ikastaroa zen hura, eta 168 pertsonek parte hartu dute hiru urtean. Alor hori Urola Ikastolara pasatuta, ez dituzte eskola horiek eskainiko berriro, baina "beste zerbait sortzeko" lanean ari dira, industriaren esparruan. Izan ere, Azpeitiko Udalak 150.000 euro bideratu ditu ikastaroak antolatzeko, eta beste 50.000 haiek ordaintzeko diru laguntzak emateko. "Oso arrakastatsuak" izan dira mendekotasunarekin lotutako ikastaroak udalean, Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatearen arabera. Hori dela-eta, pentsatu zuten Urola Ikastolari ziklo berri hori proposatzea. Beraz, udalak, Saiolan berrikuntza guneak eta Iraurgi Berritzen garapen agentziak parte hartu zuten proiektua prestatzen, eta baiezkoa eman dio Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketa zuzendaritzak. "Gizartearen eta merkatuaren beharrari erantzuten dio ziklo horrek; izan ere, udalean izan dugun esperientzian oinarrituta, esan dezakegu ia erabatekoa dela lanean hasten diren ikasleen kopurua", esan du Etxeberriak. Ildo beretik, Mikel Alberdi Urola Ikastolako zuzendari ondokoak azaldu du beraiek "diagnostiko bat" egin zutela: "Gure erronka da hezkuntzan eduki berriak sartzea, eta eskaintza gizartearen beharretara egokitzea, eta bide horretan ikusi genuen aukera ona zela mendekotasuna duten pertsonei arreta ematen ikasteko zikloa". Udaleko ikastaroak "harrera ona" izan du herrian, eta Zubiak nabarmendu du lanean ari direla eskola horiek jaso zituzten denak. "Dependentziaren mundua gero eta zabalagoa da, lana egiteko ere bide asko irekitzen ditu. Orain arte eman dugun ikastaroarekin erakundeetan soilik egin zitekeen lana, baina Lanbide Heziketako zikloa zabalagoa da, edonon jarduteko", adierazi du Zubiak. Hark esan du, gaur egun, esparru horretan, "arazoak" dituztela "ondo prestatutako profesionalak" aurkitzeko: "Eskari handia dago, batik bat, gizonei dagokienez". Bestalde, Azpeitiko Udaleko Formakuntza zuzendariak esan du erakundetik "harremanak lantzen" ari direla ikasleek praktikak egiteko aukera izan dezaten. Honako lekuak aipatu ditu: bailarako egoitzak, Aita Menni, Goienetxe, Aspace, Jesulagunen egoitzak edota udalek eskaintzen dituzten etxez etxeko zerbitzuetan, besteak beste.

Pertsonekin lanean

"Aberastasun pertsonala" ematen duten ikastaroa da mendekotasuna duten pertsonei laguntzera bideratua. "Udalean ikastaroa egiten dutenekin egoten naiz, eta askok esaten dute pertsona bezala hazi egiten direla", dio Zubiak. Udal langilearen arabera, halako eskoletan asko lantzen dira "harremanak, enpatia eta asertibitatea": "Pertsona lantzen da, eta beharrezkoa da jarrera egokia izatea lan honetan aritzeko". Urola Ikastolako ordezkariek ikastaroan izena emateko deia egin dute, eta gizonei ere aipamen berezia egin diete. "Pertsonen zainketa denon ardura da, emakume eta gizon. Beti hartu dugu hau emakumeen kontua bezala, baina bada garaia geu ere, munduarekin batera, aldatzen hasteko", esan du Alberdik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide