Egutegi bateratua prestatzen ari dira Zestoako eragileak, herrian agenda orekatua izan dezaten, ekitaldiekin elkar zapaldu gabe. Zestoako Udalak finantzatu eta sustatutako egitasmoa da, eta zenbait teknikari ari dira koordinazio lanetan, udalari aholkuak ematen dizkion informatika enpresa batekin batera.
Egutegiarekin lanean ari den langileetako bat da Nora Palmitano udaleko Euskara teknikaria. Hark azaldu duenez, hilero biltzen da Kultur taldeen topagunea, eta bilera horietan zehazten zuten, orain artean, egutegia: "Orain teknologia berriak aprobetxatuko ditugu. Taldeek aukera izango dute zerbait antolatutako unean bertan egutegi horretan jartzeko, eta gainonetzeko elkarteek ere ikusi egingo dute data horretan badela zerbait".
Oraindik tresna probatzen ari dira; eta, Palmitanok azaldu duenez, ikusi egin behar da eraginkorra eta erraza den taldeentzako. Dena den, eragileentzat soilik sortu dute euskarria, hasiera batean. Talde bakoitzak bere pasahitza du, eta dagoeneko aukera dute egutegia erabiltzeko. Behin martxa hartuta, ikusiko dute webgune horrek irekia izan behar ote duen edo ez.
Gaur gaurkoz, webgune bat sortu dute, bereziki, eginkizun horretarako. "Sarera, denen eskura, zabaldu aurretik ziurtatu nahi dugu ondo funtzionatzen duela, eta kudeatu dezakegula tresna", azaldu du. Webgunea sortzeko aplikazio libre bat erabili du Zestoako Udalak; beraz, hoosting-a soilik ordaindu dute, hau da, webgunea bera eta informazioa gordetzeko tokia.
41 talde eta egutegi bat
Elkarteen artean koordinazioa badagoela esan du Euskara teknikariak, baina uste du "antolaketa gehiago" ere egon daitekeela. Izan ere, ikusi dute hilabete batzuetan ekitaldi asko egoten direla; eta beste batzuetan, berriz, gutxiago. "Azken finean, gure asmoa da Zestoako egutegia eta ekitaldi eskaintza hobetzea", nabarmendu du proiektuan lanean ari den teknikariak. Horrez gain, Palmitanok uste du "elkarlanerako aukera gehiago" sortuko dituela tresna horrek eragileen artean.
Herriko talde guztiek parte hartu dute egitasmoan: kultur, gizarte eta kirol taldeak, guraso elkarteak eta auzoetako elkarteak. Denera, 41 eragile dira.