Villenako espetxean izan dira Urola Erdiko hainbat lagun

Urola Kostako Hitza 2016ko otsailaren 22a

Euskal Herriko hainbat herri eta eskualdetatik 40 espetxetara martxak egin zituzten zapatuan, ezker abertzaleak antolatuta. Azkoitiko, Azpeitiko, Zestoako eta Errezilgo biztanleak Alacanteko Villena espetxean izan ziren.

Urola Erdiko hainbat lagun, Villena espetxearen aurrean. Ostiralean, gauerdia igarota, 01:00etan, atera ziren Urola Erdiko hamarnaka lagun Villenako (Alacant, Herrialde Katalanak) espetxera. 700 kilometro inguru egin zituzten autobusez, 8 ordu baino gehiagoko bidaia. Gainera, ostiralean eta zapatuan Euskal Herriko beste hainbat eskualdetatik eta herritatik 40 bat espetxetara joan ziren 4.300 lagun inguru. Larunbatean 09:00ak pasatuta iritsi ziren Villenako espetxe ingurura, eta suziriak bota zituzten "Gotzon Aranburu azpeitiarrari eta han ditugun gainerako euskal preso politikoei bertan ginela adierazteko", azaldu dute. "Espetxea inguratuz musika, oihu, irrintzi nahiz konplizidadezko begiraden artean, barroteen artetik jasotako keinuak. Kanpotik barrura iritsiarazi nahi zen maitasunak kontrako bidea ere egin zuen. Barrutik kanpoan ginenoi adierazi zigutenak, alegia", azaldu du ezker abertzaleak ohar bidez. Larunbat gauean iritsi ziren Urola Erdira. "Elkartasun eta maitasunaz gain, umoreari eta baikortasunari tartea eskaintzeko momentu asko. Hala ere, etxeko nahiz lagunak bisitatzeko asteburuero sakabanaketaren mendekuaren ondorioz ibilbide luze hau egin behar izateak sortzen duen amorruarentzat ere bada tokirik gure barrenetan", esan dute ezker abertzaleko kideek. Ezker abertzaleak jakinarazi duenez, "bere burua birkokatzeko ahaleginean" ari da: "Azken urteotako ibilbidea aztertu, aurrera begiratu eta eraberritu beharreko kontu guztiak mahai gainean jarri nahi ditugu Abian deitu dugun ariketa kolektiboarekin. Kide eta lagun askoren ekarpenak jaso ditugu, militanteen ahotsa entzun eta horren gainean osatzen ari gara datozen urteotarako asmoak eta egitekoak", azaldu dute ezker abertzaleko kideek. Ezker abertzaletik azaldu dutenez, "euskal preso politikoak bidelagun aktiboak" dituzte: "Haien ekarpenak bilatu ditugu txostenak osatzeko eta eztabaida prozesuan partaide izan daitezen saiatuko gara etengabean. Erabakiak hartzeko batzarretan haien ahotsa entzun dezagun, haien jarrera eta bozka ere presente egon dadin. Baina hori ez da nahikoa". Ezker abertzalekoek esan dutenez, "guztiz premiazko, urgentea eta beharrezkoa" da sakabanaketarekin amaitzea, "presoen, senideen eta lagunen eskubide urraketa larria delako". "Demokraziaren errespetu gutxienezkoa aski litzateke. Baina sakabanaketa eskubideen aurkako gerra-makina da, biolentzia helburu politikoekin erabiltzen jarraitzen duena, eskubide asko urratzen dituena. Horietako bat presoen eskubide politikoak. Izan ere, preso politikoak direlako, kolektiboak bere burua antolatzeko aukera eta bere parte hartze politikoaren gutxienezko baldintzak bermaturik edukitzeko eskubidea dauka. Baina hori ez da horrela. Jakina da", esan dute. "Sakabanaketa amaitzeko erabateko determinazioa" eskatu dute ezker abertzaleko kideek. "Gaixo diren presoen berehalako etxeratzea. Egun indarrean diren salbuespenezko legeak eta Kolektiboaren aurka erabiltzen diren zigor molde guztiak indargabetzea. Euskal Herriaren esku, euskal jendartearen erabakien baitan marraztea presoen etxeratze bidea. Askatasunean, demokrazian eta hautu librean oinarritutako eszenatokia osatzeko ezinbesteko bidea. Aldarrikapen guzti horiek barneratzen dituen Abian den bidea irudikatu dugu asteburu honetan", gaineratu dute. Datorren asteotan, "abertzale eta ezkertiarrentzat" batzarrak ospatuko dituzte eskualdeko herri guztietan. Horietan parte hartzeko deia luzatu du ezker abertzaleak, "Abian den bidea eskutik egiteko".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide