Azpeitia eta Lasao arteko arbolen mozketa salatu du Zuhaitzak Bizirik taldeak

Ana Abarisketa 2016ko ots. 19a, 10:43

Jabier Albizuri, atzo, Lasao eta Azpeitia arteko bidegorrian. (Ana Abarisketa) Zuhaitzak Bizirik taldeak salaketa jarri zuen joan den astean, otsailaren 9an, "zuhaitzetan gehiegizko mozketak" egin dituztelako Azpeitia eta Lasao arteko bidean. "Bidegorriko ehundaka zuhaitz gehiegi kimatu zituzten otsailaren 8tik 10era bitartean, eta horietatik 70 oso egoera txarrean daude orain", esan zuen atzo bidegorrian bertan egindako agerraldian Jabier Albizuri Zuhaitzak Bizirik taldeko kideak. Hori dela-eta, bailarako zuhaitz ondareak "ikaragarrizko jipoia" jaso duela salatu dute. Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide eta Azpiegituren ardura dira herrialdeko bidegorri guztiak. Azpeitia eta Lasao arteko lanak azpikontratatutako enpresa batek egin ditu. Albizuri beraiekin jarri zen harremanetan, eta haiek azaldu zioten gauetan pizten diren farolen argia ez oztopatzeko moztu zituztela arbolak. Horrez gain, erantzun zioten zuhaitzek elkar ukitzen zutela eta orbelekin irristatzeko arriskua zegoela. Kaltetutako zuhaitz guzti horiek lizarrak dira. "Lizar arrunt gazteak dira, eta oso egoera onean zeuden, indartsu eta osasuntsu, Urola bailarako toki paregabeenetako batean", gehitu du azkoitiarrak. Mozketaren ondorioz, udaberrian kalte handiak pairatuko dituztela ere gehitu du: "Lizar horiek gaitzak harrapatzeko arrisku handia dute, baita usteltzekoa ere".

Ohikoa den kontua

Azpeitia eta Lasao arteko zuhaitzek jasandako mozketak, ez dira talde ekologistak salatu dituen bakarrak. Joan den urtean, esaterako, Azkoitian eta Zestoan egin zituzten mozketak, besteak beste. Azkarate mendate ondoko lizarrak, haritzak, urkiak eta izeiak moztu zituzten, Azkoitian: "Motozerraren indarrarekin zuhaitz ugari kaltetu edo desagerrarazi dituzte". Zuhaitzak Bizirik taldeak arbolen egoeraren eta kokapenaren araberako araudia zehaztea nahi du. Horrez gain, gaian aditua den teknikari batek txostena egitea eskatzen dute, orain arte egindako mozketek eragindako kalteak indentifikatzeko eta salatzeko. Lehenik eta behin, halere, "beharrezkoa ez den gehiegizko mozketa" bertan behera uzteko eskatu dute. Taldearekin harremanetan jartzeko, 685-735 277 telefonora deitu daiteke, edo jabieralbizuri@gmail.com-era idatzi. Lizar arruntaren mozketa. (Ana Abarisketa)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide